Berriak

Atzealdea Auzo konposta bidez egindako konposta banatu du Udalak lehen aldiz erabiltzaileen artean

Urtean hamabi tona hondakin organiko botatzen dira eta gaurko ekitaldian hamar zakukada banatu dira

2019·04·16


2017an eskaini zien Alegiako Udalak herritarrei auzo konposta egiteko aukera. Informazioa banatu eta interesatuei formakuntza eman ostean jarri zen martxan ekimena eta Kalebeheran, Kalegoran eta Larraitz auzoan kokaturiko guneetan herritarrek botatako hondakin organikoekin egindako konposta banatu da gaur eguerdian auzo konposta egiten dutenen artean.

Ekitaldian izan dira Unai Iraola Alegiako alkatea eta Beñat Bergara, Udaleko ingurumen teknikaria. Bergarak azaldu duenez, 31 familia daude une honetan auzo konpostaren egitasmoan izena emanda eta urtean 12 tona hondakin organiko botatzen dira. Konpostari egin beharreko azterketa guztiak egin zaizkiola aipatu du Salmonella edo Escherichia Coli bezalako bakteriarik ez duela ziurtatzeko eta kalitatezkoa dela bermatzeko.

Gaurko ekitaldian hamar herritar izan dira eta guztiek jaso dute beraien konposta Udalak horretarako prestaturiko zakuetan. Bide batez, gogorarazten da, herritarren batek auzo konposta ekimenean parte hartu nahiko balu, udaletxera jotzea besterik ez duela eta bertan emango zaizkio argibideak.