Berriak
Atzealdea Auzo konposta egin nahi duten herritarrek urtarrilaren 13ra bitartean eman ahal izango dute izena
2016·12·19
Alegiako Udalak aurrera jarraitzen du herritarrei auzo konposta egiteko aukera ematea helburu duen egitasmoarekin. Abenduaren 13an egin zen bilera informatibo irekian ekimenaren nondik norako guztiak azaldu zitzaizkien bertaratu zirenei. Auzo konpostak hondakin organikoa beste modu batera kudeatzeko aukera eskaintzen du. Udalak auzo konpostarako hiru gune kokatu ditu herrian zehar. Don Pio Montoya plazan, Erbeta parkean eta Larraitz auzoko mendebaldean daude eta auzo konposta egin nahi dutenek eguneko edozein unetan bota ahal izango dute hondakin organikoa bertara, ordutegi zehatzik gabe.
Gauzak horrela, lehen bilera horren ostean, izena emateko epe bat zabaldu da auzo konposta egin nahi duten herritarrentzat. Epe hori datorren urtarrilaren 13ra, ostirala, bitartean egongo da zabalik eta bi modutara eman ahal izango da izena. Alde batetik, udaletxera joan eta bertako bulegoetan eman ahal izango da astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara. Bestetik, komunikazioa@alegia.net helbidera mezu bat bidalita. Mezu horretan ondoko datuak eman beharko dira: izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbaki bat.
Behin izena emateko epea itxita, auzo konposta egiteko interesa dutenen artean formakuntza tailer bat egingo da prozesuaren funtzionamendua azaltzeko.