Berriak

Atzealdea Azaroaren 25aren bueltan Eztanda talde feministak antolatutako egitarauarekin bat egingo du Udalak

Hilaren 25ean 19:00etan kontzentrazio bat egingo da plazan eta 28an taldearen aurkezpena eta bertso saioa izango dira zinean

2020·11·20


Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Alegiako Eztanda talde feministak ekitaldi ezberdinak antolatu ditu egun horren bueltan. Azaroaren 25ean, asteazkena, 19:00etan kontzentrazio bat egingo da plazan “Normaltasunak hiltzen gaitu, indarkeria matxistaren aurrean antolatu eta borrokatu” lemapean. Alegiako Udalak kontzentrazio horrekin eta egun horretako aldarrikapenekin bat egingo du eta herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu.

Azaroaren 28an, larunbata, Eztanda talde feministak jendaurreko aurkezpen ekitaldia egingo du 18:00etan zinean. Aurkezpenaren ostean, Maialen Akizu, Maider Arregi eta Eli Pagola bertsolariekin bertso-saioa izango da zinean bertan. Ekitaldi horretan segurtasun neurri guztiak beteko dira eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.