Berriak
Atzealdea Azaroaren 4an eta 5ean egingo da Larraitz ekialderen eta hondakin bilketa sistemaren inguruko herri galdeketa
2022·10·25

Azaroaren 4an eta 5ean egingo da Larraitz auzoko ekialdea eraberritzearen eta hondakin bilketa sistemaren inguruko herri galdeketa. Bi kasuetan, parte hartze prozesu bidez herritarren eta Udalaren artean adostutako hiru proposamenen artean hautatu ahal izango dute bozkatzera joaten diren herritarrek. Horrela azaldu dute gaur goizean Alegiako udaletxean egin den prentsaurrekoan. Bertan, udal gobernua osatzen duten bi talde politikoetako ordezkariek hartu dute parte. EH Bildutik Arantxa Irazusta eta Unai Iraola izan dira eta Aurrera Alegiaren izenean Regina Sorarrainek eta Andrea Larrañagak hartu dute parte.
“Herritarrengandik gertuen dagoen erakundea da Udala. Guk , hautetsiok, herri ordezkari garen aldetik, herritarren intereseko edo kezka iturri diren gaietan, erabakiak modu demokratikoan eta gardentasunez, herriari hitza emanez erabakitzeko Alegiako Udalak martxan jarritako prozesua babesten dugu”. Modu horretan arrazoitu du Irazustak herri galdeketa antolatu izana.
18 urtetik gorako eta bozketaren unean herrian erroldatuta dagoen edonork hartu ahal izango du parte bozketan. Larraitz ekialderen kasuan, gutunazal urdinak erabiliko dira eta hondakin bilketa sistemari buruzkoek okre kolorea izango dute. Larraitz ekialderen kasuan, auzoaren alde horretan bizi direnen botoek gainontzeko herritarrenek baino gehiago balioko dutela azaldu dute prentsaurrekoan. “Auzoko alde horretan bizi direnen botoek %90eko balioa izango dute eta gainontzeko herritarrenek, %10ekoa”.
Azaroaren 4an, ostirala, 9:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara eman ahal izango da botoa. Larunbatean berriz, 9:00etatik 13:00era egongo dira zabalik boto kutxak. Bi egunetan udaletxea izango da botoa emateko leku bakarra.
Bi udal taldeetako kideek bozkatzeko deia egin diete herritarrei eta galdeketaren emaitza erabakigarria izango dela adierazi dute, “berau errespetatu eta gauzatzeko konpromiso publikoa hartuz”.