Berriak
Atzealdea Azken txanparen atarian dira Alegiako festak
2023·07·16
Ederra doa gaurko eguna ere Alegiako jaietan. Herriko txistulari ohien kalejira bereziak esnatu ditu alegiarrak eta artean nagiekin zeudenak, herriko erraldoien eta Giroarte dultzaina taldearen kalejirak jarri ditu martxan. Eguerdian Golden Apple Quartet taldearen emanaldiak harrera bikaina izan du plazan. Eguerdian hasita, Iraunkorrak txaranga dabil kaleetan barrena eta arratsalde partea girotzearen ardura ere beraiek dute. Une honetan sokamuturra egiten ari dira plazan eta segidan erraldoien eta dultzaineroen kalejira egingo dute Larraitz auzoko plazaraino. 19:00etan Benito Rosen eskutik bike trial erakustaldia izango da plaza horretan eta Larraitz auzoko plazan egingo den zahagiardoaren ostean, Mugi panderoa taldearen erromeria izango da plazan.
Biharkoa izango dute jaiek azken eguna baina egitaraua bete-betekoa izango da. Goiz partean jubilatuek izango dute protagonismoa. Mendi irteera eta hamaiketakoa izango dituzte. Haurrek ere izango dute zertaz gozatua, egun osoan zehar haur parkea izango delako eskolako patioan. Gau partean Sutarri dantza taldearen emanaldia izango da plazan eta gauerdian, Txintxarria erre eta jaiei agur esango zaie. Hemen biharko egitaraua:
Uztailak 17, astelehena
09:00. Jubilatuek antolatutako MENDI IBILALDIA.
09:30. Eider eta Maider trikitilariek alaituriko DIANA.
11:00. Jubilatuentzat HAMAIKETAKOA.
Bukaeran, bingoa jubilatuentzat.
11:00-14:00. Haur parkea eskolako patioan.
16:30. Haur parkea eskolako patioan.
18:30. Apar festa.
18:30. Herritarren arteko TOKA TXAPELKETA plazan 12 eta 15 urte bitartekoentzat eta ondoren 16 urtetik gorakoentzat.
19:30. Joxe Mendizabalekin erromeria.
21:00. ZAHAGIARDOA plazan.
22:00. SUTARRI dantza taldearen emanaldia plazan.
Ondoren, DANTZALDIA Joxe Mendizabalen eskutik.
00:00. Txintxarria eta jaiak agurtuko ditugu.
‘Ez ezetz da!’
Gaur gauean ere eskainiko da etxera taldean joateko aukera. 02:00etan eta 04:00etan izango dira hitzorduak. Orendaingo bidegurutzea izango da elkargunea. Ordutegi horretatik kanpo norbaitek laguntza beharko balu, 606 797 135 zenbakira deitu dezake.
Bulebarrean amaiera
Gazteek gaur agurtuko dituzte jaiak. 19:00etan Iraia Cambraren kontzertu akustikoa izango da eta zahagiardoaren ostean, herriko bertsolarien saioarekin agurtuko dituzte jaiak bulebarrean.