Berriak

Atzealdea Azoka Ekologikoaren laugarren ekitaldia egingo da igandean Beloztegiko baratze parkean

Ekoizle ezberdinen postuak izango dira eta eguerdian etxean xaboia egiten ikasteko tailerra eskainiko da

2017·05·03


Beloztegi Herri Baratzak elkarteak antolatuta, aurten laugarren aldiz egingo da Alegiako Azoka Ekologikoa. Beloztegi auzoan dagoen baratze parkeko erabiltzaileek maiatzeko lehen egunetan egiten dute urtero azoka hau eta aurtengo hitzordua, igande honetan, maiatzak 7, izango da. Ohi bezala, 10:00etan zabalduko ditu ateak azokak baratze parkearen inguruan bertan eta 14:00ak arte izango da produktuak ikusi eta erosteko aukera. Loreak, landareak, elikagai mota ugari… Denetik eskainiko da aurten ere. Azokan postuak jarriko dituztenen artean daude Kimu Bat, Blasenea, Lurberry, Aldabazahar, BehiEKO, Itxoste eta Urkizahar ekoizleak. Hauekin batera, urteroko moduan, Aralar institutuko ikasleek jatekoa eta edatekoa eskainiko dute.

Urtero gai ezberdin batekin lotura duen tailerren bat ere biltzen dute egitarauan antolatzaileek. Aurtekngoari begira, etxean xaboia egiten ikasteko tailerra eskainiko da. 12:00etan hasiko da baratze parkean bertan eta Urnietako baratze parkeko kideek gidatuko dute tailer hori.

Gauzak horrela, igande goiz eder bat pasatzeko aukera izango da maiatzaren 7an Alegiako baratze parkean.