Berriak
Atzealdea Badalonako Betulia abesbatzaren parte hartzearekin ospatuko da larunbatean Txintxarri Eguna
2018·10·17
Urriaren 20an Txintxarri Eguna ospatuko da. Urtero bezala, Txintxarri Txiki, Txintxarri Gazteak eta Txintxarri abesbatzek kontzertu bat eskainiko dute eta aurtengoan Kataluniako Badalona herritik datorren Betulia abesbatza gonbidatu dute emanaldira. 1996an Badalonan sortutako abesbatza da eta gaur egun hogeita hamar partaide inguru ditu. Betulia eskolako guraso elkartearen ekimenez sortu zen eta abesti tradizionalak, herrikoiak eta klasikoak uztartzen dituzte beraien errepertorioan. Alegian sei abesti eskainiko dituzte Rafael Montaner zuzendari duen abesbatzako kideek. Bost katalanez abestuak izango dira eta seigarrena ‘Maitia nun zira?’ euskal abestia izango da.
Badalonakoen aurretik, Txintxarri Txikik bi abesti eskainiko ditu 19:45ean elizan hasiko den emanaldia zabaltzeko. Ondoren Txintxarri abesbatzako gazteek beste bi kantu abestuko dituzte eta helduen abesbatzak lau euskal abesti eskainiko ditu. Hego haizea, Kantauri, Mutil txaleko gorri eta Haizea. Alegiako hiru taldeak Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean ariko dira eta emanaldia amaitzeko, Txintxarri eta Betulia abesbatzek Txoriak txori eskainiko dute elkarrekin.