Berriak
Atzealdea Beharrean dauden herritarrei laguntzeko bolondres sarearen zerbitzua martxan jarri da berriz
2020·10·23
COVID-19ak eragindako osasun krisialdiaren martxoko lehen olatuan, Alegiako Udalak eta Gaztetxeak elkarlanean bolondres sare bat eratu zuten beharrean zeuden herritarrei lagundu ahal izateko. Erosketak egin, zaborra atera eta antzeko lanak egiteko zerbitzua eskatzen zitzaien etxean bakartuta zeuden eta laguntza behar zuten herritarrei.
Lehen olatua igarota eta eskaera kopurua desagertuta, zerbitzua eteteko erabakia hartu zen, beti ere egoerak hala eskatzen zuen unean berriz ere martxan jartzeko konpromisoarekin. Bada, bigarren olatua gainean dugun honetan, azken egunetan Alegian hainbat positibo somatu direnez eta PCR probak eginda hainbat herritar etxean bakartuta daudenez, bolondres sarea berriz ere zerbitzua eskaintzen hasiko da hemendik aurrera. Horrenbestean, zerbitzu honetaz baliatu nahi duten herritarrek 688 813 423 telefono zenbakira deitu beharko dute. Bolondres sareko kide batek eskainiko die zerbitzua beti ere egoerak eskatzen dituen osasun eta segurtasun neurri guztiak hartuta.
Beharrean dauden herritarrei zerbitzua erabiltzeko deia egiten die Udalak eta bolondres sareko kideei eskerrak eman nahi zaizkie, euren prestutasunagatik.