Berriak
Atzealdea Belardietan kalteak eragiten dituen beldar baten berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak
2021·03·17
2020ko udazkenean, Gipuzkoan, har honek eragindako kalte ugariren berri izan zuen Aldundiak. Kalte horiek, gehien bat, belardietan atzeman ziren. Baina arto soroetan ere izan ziren hainbat kalte. Aldundiak eskatu nahi du adi egoteko belardi eta arto soroetara udaberri honetan. Mythimna unipuncta atzemanez gero, email bidez harremanetan jartzeko eskatzen da: landarealorra@gipuzkoa.eus.
Espeziea erasokorra da eta oso azkar ugaltzen da. Ondorioz gomendagarria da tratamendua ematea haren kontra, udaberrian, lehenengo beldarrak atzeman bezain laster. Horien aurka erabili daitezke piretroidetan (Deltametrina edo lamda cihalotrin), Azadiraktinan edo Bacillus thurigiensis-en oinarritutako produktuak.
Kontuan hartu: aukeratutako produktua onartuta egon behar da erabilitako laborerako eta aplikatzaile karneta izatea ezinbestekoa da tratamendua burutu ahal izateko.
Lehenengo beldarrak atzemateko gomendagarria da, orain, tranpak jartzea (feromona). Horrela, helduen hegaldiak kontrolatuko baitira, eta errazago aurreikusiko dugu lehenengo beldarren erasoa.
IZURRITEAREN EZAUGARRIAK:
Har hau Noctuidae familiako lepidopteroa da. Labore asko erasotzen ditu; baina kaltetuenak larreak eta artoa izaten dira.
BIOLOGIA:
Heldua: helduek 3-3,5 zm-ko luzera izaten dute eta hegoak nabar kaoba kolorekoak ditu. Hegoaren erdian puntu txuri nabarmena dute Errunaldian 700 arrautza zurixka jartzen ditu, 10-40 arrautzako ilaretan.
Beldarra: 3-3,5 cm-ko luzera dute. Kolore aldakorra dute elikaduraren arabera. Halere, nabarmenena, hiru marra dortsal dira. Marrak zurixkak dira beltzarekin inguratuta eta zeharkako marra horixka izaten dute.
Krisalida: marroi gorrixka da eta erdi lurperatuta egoten da.
GARAPEN ZIKLOA
Urtean hiru generazio izaten dituzte. Helduen hegaldiak apirila-ekainean, uztailean eta iraila-azaroan izaten dira. Kaltegarriena azken generazioa izan ohi da. Negua pasatzen dute beldarraren azken estadio forman edo krisalida moduan eta udaberrian berriro eboluzionatzen dute.
Tximeletek arratsaldean jarri ohi dituzte arrautzak inguru hezeetan (gramineen eta artoaren hostoen tolesduretan). Beldarrak ez dira ikusten egunean zehar, baina arratsaldean irteten dira, talde handietan, elikatzera. Ondorioz, inguruko arta-soro eta belardietara mugitu daitezke jateko gutxi dutenean.
KALTEAK ETA DIAGNOSTIKOA
Espeziea oso jatuna da eta erraz atzematen da, azkar egiten duelako aurrera eta kalte nabarmenak uzten dituelako erasotako landareetan. Belardietan gramineak desagertu eta soilguneak azaltzen dira. Beste batzuetan, erabateko hosto galera eragiten du eta belardi osoa desagertzen da. Artoan, hosto azalera osoa, erdiko nerbioa izan ezik, desagerrarazi dezake. Hostoari arretaz begiratu ezkero beldarren gorotzak ikus daitezke hostoen galtzarbean. Belarra, gainazalean, zentimetro batzuk altxatuz gero, har ugari ikusi daitezke eta beherago krisalidak.