Berriak

Beloztegiko baratza parkeko txabola itxita egongo da gaurtik aurrera egoera bere onera etorri bitartean

Erabiltzaileek barazkiak jasotzera joan ahal izango dute baina joan-etorrien ardura erabiltzaileena izango da

2020·03·27


Azkeneko egunetan COVID-19 eta alarma egoera dela eta baratza parkearen erabilera nola arautu pentsatzen egon da Udaleko ingurumen saila eta honako erabakia hartu da:

Alde batetik, txabola gaurtik aurrera itxita geratuko da egoera normalizatu artean. Bestetik, dagoeneko landatuta dauden barazkiak jasotzera joatea posible izango da, baratzetako kanpoko atea ez delako prezintatuko.

Azken puntu honen harira, OHAR OSO GARRANTZITSUA: Dagoeneko landatuta dauden barazkiak jasotzeko aukera honek ez du inolako kasuan esan nahi Alegiako Udalak baimenik ematen dizuenik zuen etxeetatik baratzetarako desplazamendua egiteko. Alarma egoera honetan baratzetarako desplazamenduak baimenduak ote dauden edo ez dioen inolako komunikazio edo irizpide ofizialik ez dugu jaso Udalean. Beraz, desplazamendu hauek norberak bere ardurapean egin beharko ditu eta Ertzaintzarekin topo eginez gero beraiek esandakoa bete beharko da, isuna jasotzeko arriskua ere egon daitekeelarik Ertzainek desplazamendua justifikaziorik gabea dela irizten badiote.