Berriak

Beroaz babesteko kontuan izan beharreko neurriak eta aholkuak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak emandako gomendioak osasun arazoak ekiditeko

2017·06·19


Azken egunetan dugun bero bolada dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak hainbat aholku eman dituzte tenperatura altuei hobeto aurre egiteko. Horietako lehena likido asko edatearena da. Ur asko edatea komeni da, egun arruntetan edaten dena baino gehiago. Gainera, ez dugu egarri izatera itxaron behar edateko eta kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak ekidin behar dira. Bestetik, medikuak likidoak edatearen inguruan mugaren bat jarria baldin badigu, berari kontsulta egitea komeni da. Honekin batera, janari arinak jatea komeni da (entsaladak, barazkiak, fruta…)

Bestetik, etxean leihoak eta pertsianak itxita izatea komeni da eta bero gutxieneko uneak baliatu etxea aireztatzeko. Arropa arinak eta argiak erabili behar dira eta oinetako erosoak. Bero handia sentitzen badugu ureztatzea edo ur hotzarekin dutxatzea komeni da eta bestelakoan, zentzuz jokatu behar da. Hau da, ordurik beroenetan kalean ibiltzea ekidin ahal den neurrian, betaurrekoak erabili eta burua estali behar da, itzalean ibili, ariketa fisikorik ez egin eta ez egon edo ez utzi inor aparkaturiko eta itxitako auto batean, itzaletan egonda ere. Azkenik, haur txikien eta adinekoen kasuetan, arreta bereziz zaintzea komeni da deshidratazioak ekiditeko. Norbaitek bero kolperen bat jasaten badu, itzaletara eraman, busti eta ura gatza eta bikarbonatoarekin eman edateko.