Berriak
Atzealdea Berrikuntza ugarirekin dator Alegiako San Silbestre krosaren hamaikagarren ekitaldia
2022·12·09
Bueltan da Alegiako San Silbestre krosa. Abenduaren 31n egingo da ohiko moduan hamaikagarren ekitaldia eta aurten hainbat berrikuntza izango ditu. Alde batetik, goizez egingo da. 11:00etan hasiko dira lasterketak eta ordutegiaz gain, irteera eta helmuga ere aldatu egingo dira ibilbidearekin batera.
Eskola parean hasi eta amaituko dira lasterketak. Haurren lasterketari dagokionean zirkuitua zehazteko dago oraindik.
Helduen zirkuitua berriz ondokoa izango da: eskola paretik abiatu, Etxe Txuri alderako bidea hartu, Fabrensa industriagunearen atzekaldera iritsi eta handik Fabrensa aurreko errepidetik eskolara buelta. Guztira 1300 metro izango ditu helduen ibilbide berriko itzuli bakoitzak. Lasterketa honetan infantil, kadete eta helduen mailak ezberdinduko dira, nahiz eta guztiak batera abiatu. Infantilek eta kadeteek bi itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari eta helduek hiru.
Ez da sailkapenik osatuko eta parte hartzaile guztien artean hainbat opariren zozketa egingo da. Lasterketen amaieran parte hartzaile guztiek hamaiketakoa izango dute.
Izena ematea 12tik 20ra
Lasterketan parte hartu nahi dutenek abenduaren 12tik 20ra izango dute kultur etxean izena emateko aukera. 10 euro ordaindu beharko dira eta lasterketarako espreski diseinaturiko kamiseta jasoko dute aurrez izena ematen dutenek. Lasterketaren egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, eskolan 9:30etik 10:30era. Hori bai, egunean bertan izena ematen dutenek ez dute kamisetarik jasoko.