Berriak

Bete-beteko jai giroa Alegian festak azken txanpan sartzen ari direnean

Gaur 22:00etan Erramun Martikorenak eta Txintxarri abesbatzak kontzertua eskainiko dute elkarrekin Elizpe zinean

2017·07·15


Hirugarren eguna dute gaurkoa Alegiako jaiek eta jai giroak etengabe gora egiten jarraitzen du. Gaur goizean Giroarte dultzaina taldearen dianak atzoko egunak utzitako aje apurrak kentzeko balio izan du eta 11:00etan zabaldu den haur parkeak txikienen emari etengabea izan du egun osoan zehar, bertan jarri diren jolasetan ederki pasa dutelarik. Eguerdian egitarauak duen beste hitzordu ekidin ezin horietako bat izan da. Egia da urtero antzeko kontuak aipatzen direla baina geroz eta jende gehiago hurbiltzen da sagardo dastaketara. Aurten ere asko izan dira dastagai zeuden bost sagardotegietako sagardoak (Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Aburuza eta Zabala) probatzera eta zorte puntu batekin, banatu diren sardina edo txorizo erre zatiren bat jatera hurbildu diren herritarrak, eta egiari zor, errazagoa izan da sagardoa dastatzea, pintxoekin atera diren bandejek Beteta denbora oso gutxi irauten zuten eta. Irma Karreta eta Jokin Tolosa trikitilariek alaitu dute eguerdi partea.

Arratsaldea ere ari da berea ematen. Iazko arrakastaren ostean, aurten Alegiako II. Goitibehera Jaitsiera jokatu da Galarretako bidean. Parte hartze oparoa izan da eta ikusle asko elkartu da bide bazterrean, ibilgailu hauek maldan behera ikusteko. Laster hasiko direnak apar festa eta Elorri pilotalekuko pilota jaialdia izango dira. Jaialdiak hiru partida ditu. Lehen biak Alegiako pilota txapelketari dagozkionak. Jubeniletan Arandia eta Elizegi Iriarteren eta Jauregiren aurka ari dira. Afizionatuetan Peru Labakak eta Santxezek Urbietaren eta Aizpururen kontra jokatuko dute. Ondoren profesionalak izango dira eta noski, Iñaki Artola alegiarrak jokatuko du. Urretabizkaiarekin osatuko du bikotea Victorren eta Erasunen aurka jokatzeko. Hemendik aurrera,  21:00etan Larraitz auzoan egingo da zahagiardoa eta ondoren auzoan bertan dantzaldia izango da Joxe Mendizabalekin. 22:00etan berriz, Erramun Martikorenak eta Txintxarri abesbatzak kontzertua eskainiko dute elkarrekin Elizpe zinean. Eguna errematatzeko Dj Josu Rodriguezek jarriko du giroa plazan gauerditik aurrera.

Bihar berriz, azken eguna izango dute jaiek. Txistularien kalejira bereziak esnatuko du herria eta eguerdian plaza izango da jai gune nagusia. 12:15ean leiho eta balkoi lehiaketako sari banaketa egingo da eta ondoren Hika antzerki taldeak eta Oinkari dantza taldeak “Sagartu” ikuskizuna eskainiko dute.

Arratsalde partean, 17:00etan ume jolasak izango dira eskolako patioan Gaztelekuko kideen eskutik eta 18:30ean kanpotik jende gehien erakartzen duen ekitaldietako bat egingo da. Harrijasotzaileen XII. Txintxarri Saria jokatuko da Larraitz auzoko plazan. Gipuzkoako harri txikien txapelketa ere jokatuko da eta Idoia Etxeberriak marka ahalegina egingo du. 19:30ean Joselu Anaiaken dantzaldia izango da eta 21:00etan zahagiardoa plazan. Jaiei amaiera emateko, 23:00etan dantzaldiak jarraituko du eta gauerdian Txintxarria erre eta jaiei agur esango diegu datorren urtera arte. Gogoan izan, azken ekitaldi horretara txintxarriarekin joateko deia egina duela batzordeak. Hemen biharko egitaraua:

IGANDEA 16

9:30       Txistularien diana berezia.

12:15     Balkoi eta leiho lehiaketako sari banaketa.

12:30     “Sagartu” ikuskizuna plazan. Hika antzerki taldearen eta Oinkari dantza taldearen eskutik.

17:00     Umeentzako jolasak Gaztelekuko gazteen eskutik eskolako patioan.

18:30     Herri kirolak. Harri jasotzaileen XII. Txintxarri Saria. Gipuzkoako harri txikien txapelketa. Idoia Etxeberriaren marka ahalegina. Larraitz auzoko plazan.

19:30     Erromeria Joselu Anaiak taldearekin.

21:00     Zahagiardoa plazan.

23:00     Erromeria Joselu Anaiak taldearekin.

00:00     Txintxarria erretzea eta jaien agurra.

Gazteak oraindik indarrean

Atzoko egun handiaren ostean, Bibalabirjen jaiek ere azkenaurreko eguna dute gaurkoa. Atzoko ajeari buelta emate aldera, une honetan Elorri pilotalekuan den pilota jaialdiaz gozatzen ari dira gazteak. Gau parterako berriz, zahagiardoaren ostean zuzeneko musika izango da Bulebarreko oholtzan. TPR, Desira eta Guri 5 taldeak ariko dira. Bihar berriz, jaien azken eguna izango da. 16:30ean mus txapelketa jokatuko da, izena ematea 16:00etan zabalduko delarik. 19:00etan Lorratzak talde andoaindarraren kontzertua izango da eta zahagiardoaren ostean herriko bertsolarien saio umoretsuak emango die amaiera jaiei.