Berriak
Atzealdea Bigarren garaipena jarraian lortu zuen Elorri Aldapak Arri BKLren aurka 69 eta 50 irabazita
2024·11·20
Elorri Aldapak 69 eta 50 irabazi zion larunbatean Arri BKL taldeari eta bigarren garaipena kateatzea lortu zuen. Partidari oso ondo ekin zioten alegiarrek eta lehen laurdena 22 eta 13 amaitu zen. Bigarren laurdenean intentsitatea mantendu zuten etxekoek eta atsedenaldi luzera 46 eta 24 iritsi ziren. Hirugarren laurdenean, markagailuko aldeak eraginda edo, tentsioa galdu zuen taldeak eta saskiratze errazak huts egiten hasi ziren. Ez ziren partidatik atera, baina huts egite horiek medio aurkariak apur bat hurbiltzea lortu zuen, nahiz eta garaipena ez zen arriskuan egon inongo unetan. Denboraldi gogorra ari da izaten arlo fisikoan eta jada lehen itzulia osatuta, neke puntua ere nabari da taldean.
Elorri Aldapa seigarren dago zortzi punturekin eta larunbatean bigarren itzuliko lehen neurketa izango dute. Berriz ere Alegian ariko da taldea eta 16:15etik aurrera Astigarragako Mundarroren aurka ariko dira. Sailkapenean alegiarren aurretik dagoen taldea eta lehen itzuliko partidan galtzaile suertatu arren, Elorri Aldapako kideek badute konfiantza hirugarren garaipena kateatu eta sailkapenean gora egiten jarraitzeko. Mailari eusteko helburu horretan puntuak batzen jarraitzea garrantzitsua da eta larunbatean garaipena lortzeko ezinbestekoa izango da zaleen babesa.