Berriak

Atzealdea Bihar, astelehena, deseskalatze prozesuko hirugarren fasean sartuko gara

EAEko probintzietan mugikortasuna librea izango da erkidegoetako agintariek erabakiko dute noiz amaituko den alarma egoera

2020·06·07


Ekainaren 8tik aurrera COVID-19ak eragindako krisialditik ateratzeko diseinaturiko deseskalatze prozesuaren hirugarren fasean sartuko gara Hego Euskal Herriko lau probintziak. Alor guztietan neurriak leuntzen joango dira eta Espainiako gobernuak ‘Errealitate Berria’ deitu duen horretatik gertuago egongo gara. Hirugarren fasetik aurrera erkidego bakoitzak izango du erabakiak hartzeko eskumena eta horrela, alarma egoeratik noiz atera Eusko Jaurlaritzak erabakiko du. Dena den, herritarrei ez erlaxatzeko deia egin diete osasun agintariek. Neurriak leuntzeak ez du esan nahi segurtasun neurriak hartzeari utzi behar zaionik eta esate baterako, maskarilen erabilerak derrigorrezkoa izaten jarraituko du. Jarraian zehazten dira hainbat alorretako neurri berriak.

MUGIKORTASUNA

EAEko hiru probintzien artean libre mugitzeko aukera izango da. Fase berean eta elkarren ondoan dauden erkidegoetara ezingo da pasa oraingoz baina bi erkidegoak ados jartzen badira, hori ere egin ahal izango da.

HAURRESKOLAK

0-3 urte bitartekoentzako haurreskolak %60ko edukierarekin zabaltzeko aukera egongo da astelehenetik aurrera.

TABERNAK ETA JATETXEAK

%100ean jarduteko aukera izango dute bai barruan zein terrazetan. Hori bai, beti ere mahaien eta pertsonen arteko gutxieneko 2 metroko segurtasun distantzia mantenduz. Barran zutik dauden pertsonen artean ere distantzia hori gorde beharko da.

ELKARTE GASTRONOMIKOAK

Mahaien artean 2 metroko tartea mantenduz, egoera horrek ahalbidetzen duen %100eko edukierarekin zabaldu ahal izango dute, higiene neurri guztiak hartuz.

JENDE BILKURAK

Etxebizitzetan, lokal pribatuetan eta erabilera publikoko espazio irekietan familia edo lagun talde bereko 20 pertsona elkartu ahal izango dira gehienez. Beti ere distantzia, segurtasun eta higiene neurri guztiak bete beharko dira.

SALTOKIAK

%60ko edukierarekin egin ahal izango dute lan, beti ere ezarrita dauden segurtasun, distantzia eta higiene neurri guztiak bermatuz.

KULTURA ETA AISIALDIA

Zinemak, aretoak, hitzaldietarako aretoak eta auditorioak, aurrez zehaztutako eserlekuekin eta %60ko edukierarekin. Espazio irekietako kultur jardueretan edukieraren %60a bete ahal izango da, 1000 pertsonako gehienezko kopuruarekin eta eserita. Itxietan 80 lagun gehienez.

LIBURUTEGIAK

Liburuak maileguan hartzeko eta irakurtzeko, edukieraren %50arekin.

ADINEKOEN EGOITZAK

Bisitak baimenduta egongo dira, egoiliar bakoitzeko senide batekin.

GARRAIO PUBLIKOA

Zerbitzuen %100a berrezarriko da edukiera osoarekin.

KIROL INSTALAKUNTZAK

Kirol instalakuntzek %60ko edukierarekin ireki ahal izango dute eta aldagelak erabili ahal izango dira pertsonen artean gutxieneko 2 metroko segurtasun tartea gordez.

TURISMO AKTIBOA ETA NATURA

Mendian libre ibili ahal izango da, gehienez 30 pertsonako taldeetan.

BEILAK

Espazio irekietan 50 pertsona elkartu ahal izango dira eta itxietan 25.

EZKONTZAK

Edozein instalakuntzetan egin ahal izango dira. Edukieraren %75arekin, espazio irekietan gehienez 150 gonbidaturekin eta itxietan 75ekin.

Azpian duzue Eusko Jaurlaritzak hirugarren fasea arautuz argitaratu duen dekretua.

PDF
0,2 MB
2020·06·07 Dekretua
Eusko Jaurlaritzak Desekalatze prozesuko III. Faserako neurriekin argitaratu duen dekretua.