Berriak

Atzealdea Biharko egunez duela 40 urte uholdeak izan ziren Alegian

Urak 2,60 metroko altuera harrapatu zuen herrian eta kalte ugari eragin zuen

2023·08·25


1983ko abuztuaren 26a ondo iltzatuta dago jada adin bat duten alegiar askoren memorian. Uholdeak izan ziren Euskal Herrian eta noski, Alegia ez zen salbuespen bat izan. Abuztuaren 25ean hasi zen iragarpenek hainbesterainokoa izaterik aurreikusi ez zuten euri erauntsia eta egoera nolabait, hilaren 27an hasi zen baretzen.

Egunik okerrena abuztuaren 26a izan zen. Oria ibaiak gainezka egin zuen eta ura herriko puntu askotara zabaldu zen. Ibaitik gertuen ziren etxe askotara ura sartu zen eta kalteak handiak izan ziren. Urak 2,60 metroko altuera harrapatu zuen eta hori frogatzen duen plaka bat dago udaletxeko sarreran.

Une zailak bizi izan ziren herrian baina herritarrek aurre egin zioten egoerari, beharrean zeudenei lagunduz eta auzolanean urak egindako triskantzak garbituz. Jokabide eredugarria izan zuten herritarrek. Adibidez, errepidean harrapatuta geratu ziren atzerritarrak herriko elkarte eta egoitzetan hartu zituzten. Zorionez, ez Alegian eta ez Gipuzkoan, ez zen kalte pertsonalik izan.