Berriak

Bihar eta ostiralean Intxurreko pilotarien partidak izango dira Elorri pilotalekuan

Nagusien lehen mailako bikoteak Gipuzkoako txapelketako finalerdia jokatuko du ostiralean Lazkaon

2016·11·01


Gipuzkoako pilota txapelketa une erabakiorretan sartzen ari da eta nagusien lehen mailan, Intxurreko bikoteak finalerdietarako txartela lortu du. Bere multzoan bigarren geratu dira eta beste multzoko lehen postuan geratu den Lazkaoko bikotearen aurka jokatuko dute ostiralean Lazkaon bertan, finalaren atariko azken partida. Bestelakoan, gomazko paletako neska jubenilak izan ziren aurreko asteburuan jardunaldia izan zutenak. Bigarren mailan, derbia izan zen Intxurreko bikoteen artean eta Aramendik eta Esnaolak 30 eta 7 irabazi zieten Zhangi eta Agirreri. Beste bikoteak 30 eta 9 galdu zuen Ataunen aurka.

Jardunaldi berria bihar bertan jarriko da abian. 19:00etan infantil mailako partida bat jokatuko da Elorri pilotalekuan eta Intxurrek Ilunperen aurka jokatuko du. Ostiralean aldiz, hiru partida jokatuko dira 18:45ean hasita. Nagusien hirugarren mailakoak izango dira eta hurrenez hurren, Gazteleku, Lagunak eta Soraluze izango dira Intxurrekoen aurkariak.