Berriak

Atzealdea Bihar hasiko dira Alegiako festak

Udal talde berriak botako duen txupinazoarekin lehertuko da lau eguneko festa

2023·07·13


Ordu gutxi geratzen dira Alegiako jaiak hasteko. Bihar 19:00etan udal talde berriak botako duen txupinazoarekin hasiko dira festak eta astelehenera bitartean ez da jai girorik faltako. Txupinazoaren aurretik haurren Santos torneoko finala jokatuko da eta Alegiako eta Billabonako erraldoiek, buruhaundiek, Loatzo musika eskolako musikariek eta Giroarte dultzaina taldeko kideek kalejira egingo dute Larraitz auzotik plazaraino. Lehen zahagiardoaren ostean, gauerdian Ezpalak eta Bad Sound taldeak ariko dira plazan. Hemen egitaraua:

Uztailak 14, ostirala

17:00. Haurren Santos Torneoaren FUTBITOko finala futbol zelaian.

18:00. Alegiako eta Billabonako erraldoi eta buruhandi, Loatzo Musika Eskolako musikariekin eta Giroarte dultzaina taldearekin KALEJIRA Larraitz auzotik plazaraino.

19:00. TXUPINAZOA Udal talde berriaren eskutik. Jarraian, Txintxarriaren jaitsiera, jaien hasiera iragartzeko.

21:00. ZAHAGIARDOA zubian.

23:00. BAD SOUND eta  EZPALAK taldeen kontzertuak.

Hemen kontsultatu dezakezue egitaraua.

Etxera taldean joateko hitzorduak

Gogoan izan, aurtengo jaietan ere Udalak eta Eztanda talde feministak sustatuta etxera taldean joateko hitzorduak egongo direla. Gaur 02:00etan izango da hitzordu hori eta bihar 01:00etan, 03:00etan eta 05:00etan. Orendaingo bidegurutzea izango da elkargunea. Ordutegi horretatik kanpo norbaitek laguntza beharko balu, 606 797 135 zenbakira deitu dezake.

Bulebarrean atzo hasita

Bulebarrean bigarren festa eguna dute gaur. Atzo indarrean hasi ziren gazteak sagardo dastaketa eta Soinuz blai taldearen erromeriarekin eta gaurkoa egun lasaiagoa dute. Txotxongilo tailerra, Julen magoaren saioa eta Eztanda talde feministak antolatuta Jone Alustizaren emanaldi akustikoa izango dituzte arratsaldean eta gauerako motorrak berotu ostean, Arrixku eta Manitu taldeak ariko dira bulebarreko oholtzan.

Bihar izango dute egun handia. Triki poteoa eta bazkaria izango dituzte lehenik. Kuadrillen arteko jolasak arratsaldean eta gauean DJ Expuela, DJ Xirimiri eta DJ Goiko izango dira musika jartzen.