Berriak
Atzealdea Bihar hasiko dira Alegiako jaiak
2024·07·11
Bihar arratsaldean hasiko dira Alegiako jaiak. Asteartera bitartean jai giroa izango da nagusi herrian Festa batzordeak diseinatu duen egitarauari esker. Adin guztietako pertsonei zuzenduriko ekintzak izango dira eta lehen egunari begira, Sutarri dantza taldeak izango du txupinazoa botatzeko ohorea. 25 urte betetzen ditu aurten taldeak eta ibilbide horri aitortza egin nahi izan zaio keinu horren bidez. Behin jaia lehertuta, Baron Rojo taldearen kontzertua izango da biharko beste hitzordu nagusia. Udalak jaiez errespetuz gozatzera gonbidatu nahi ditu herritarrak zein kanpotik etorriko direnak.
Azpian duzue biharko egitaraua. Ondo pasa!
Uztailak 12, ostirala
18:00. Alegiako erraldoi eta buruhandiekin eta Giro Arte dultzaina taldearekin KALEJIRA Larraitz auzotik abiatuta.
19:00. TXUPINAZOA Sutarri dantza taldearen eskutik. Jarraian, Txintxarriaren jaitsiera, jaien hasiera iragartzeko.
21:00. ZAHAGIARDOA zubian.
23:00. BARON ROJO taldearen kontzertua.
Etxera taldean joateko ordutegia
Udalak eta Eztanda Talde Feministak elkarrekin prestatu duten sexu erasoen aurkako protokoloaren baitan, gaur gauean ere taldean etxera joateko hitzordua izango da. 02:00etan Orendaingo bidegurutzean elkartuko dira.
Bulebarrean atzotik martxan
Atzo hasi ziren Bibalabirjen festak. Bulebarrean sagardo dastaketarekin eman zitzaien hasiera festei eta gauean giro ederra izan zen Auskalo taldearen erromerian. Gaur arratsaldean zirku tailerra izango da lehenik eta 18:30ean Ilargiren kontzertu akustikoa. Gauean Zentzu Okerra eta Hauek taldeak igoko dira bulebarreko oholtzara. Bihar, ostirala, jaietako egun handia izango dute eguerditik hasita.