Berriak
Atzealdea Bihar hasiko dira Alegiako jaiak
2025·07·14

Bihar arratsaldean ekingo zaie Alegiako jaiei. 18:00etatik aurrera erraldoi eta buruhandien kalejirak herria girotuko du eta 19:00etan lehertuko da festa. Paula Del Pozo eta Iñaki Artola kirolariek botako dute festen hasiera iragarriko duen txupinazoa eta igandera bitartean luzatuko diren jaiak hasiko dira. Hori bai, osteguneko atseden egunarekin. Udaletik herritarrak eta kanpotik etorriko direnak festez modu askean gozatzera animatu nahi dira, beti ere errespetuz jokatuta. Azpian duzue biharko egitaraua eta lotura honetan egitarau digitala kontsultatu dezakezue. Ondo pasa!
Uztailak 15, asteartea
18:00. Alegiako erraldoi eta buruhandiekin eta Giroarte dultzaina taldearekin kalejira Larraitz auzotik plazaraino.
19:00. Txupinazoa Paula Del Pozoren eta Iñaki Artolaren eskutik. Jarraian, Txintxarriaren jaitsiera jaien hasiera iragartzeko.
Ondoren, Joxe Mendizabalekin dantzaldia plazan.
21:00. Zahagiardoa plazan.
22:00. Sutarri dantza taldearen emanaldia plazan.
Dantzari gonbidatuak: Julen Rodriguez Flores alegiarra eta Mickael Conte. Martin Harriague koreografoaren ‘A_live’ koreografia dantzatuko dute.
Jarraian, Joxe Mendizabalekin dantzaldia plazan.
Puntu morea txoznagunean
Aurten ere erasoen aurkako protokoloa martxan izango da jaietan. Txoznagunea izango da puntu morearen kokagunea eta norbaitek arazoren bat balu, 606 797 135 telefonora deitu dezake eta ordubeteko tartean puntu moreko arduradun batek etxera lagunduko dio.