Berriak
Atzealdea Bihartik aurrera paseatzeko edo kirola egiteko etxetik ateratzeko aukera izango dute alegiarrek
2020·05·01
Iragan igandean 14 urtetik beherako haurrek egin bezala, gainontzeko alegiarrek ere etxetik ateratzeko aukera izango dute bihartik, maiatzak 2, aurrera. Paseatzera ateratzen diren herritarrek etxetik kilometro batera urrundu ahal izango dute gehienez. Etxe berean bizi den beste heldu batekin ateratzeko aukera izango da. Kirol jardueraren bat egin nahi dutenek berriz, herriko mugen barruan ibili beharko dute eta bakarka, Espainiako Aldizkari Ofizialak gaurko alean argitaratu duenaren arabera. Goizeko 6:00etatik 23:00etara bitartean egin ahal izango dira paseoak eta ariketa fisikoa. 14 urtetik gorakoak helduen multzoan sartuko dira eta 14tik beherakoei dagokienean, iragan astetik indarrean dauden neurriei eusten zaie.
Maskarilen erabilera gomendatzen da, segurtasun distantziak eta higiene neurriak hartzea eta herritarrei zentzuz jokatzeko eskatzen zaie, une berean eta leku berean elkartzea eta pilaketak ekidinez.
Baratzeetarako joan etorrien ingurukoak ere argitaratu dira gaur. Bakarka eta baratza bizi zaren udalerrian edo albokoan dagoen kasuetan soilik joan ahal izango da baratzako lanak egitera. Beti ere segurtasun eta higiene neurriak zainduz.
Azpian dituzue Osasun ministerioak ariketa fisikoaren eta baratzeen inguruan aldizkari ofizialean argitaratu dituen aginduak.
Bestetik, ’Deseskalada’ deitu zaion prozesu honetan, lau fase ezberdindu ditu Espainiako gobernuak. 0 Fasea delakoa maiatzaren 4tik 10era bitartean luzatuko da eta nolabait esateko, prestaketa modura balioko du ondoren etorriko diren faseetan urrats berriak ematen joateko. Fase batetik hurrengorako jauzia egiteko, osasun baldintzek positiboak izan beharko dute. Azpiko loturan duzue fase bakoitzean sektore bakoitzak zer eta nola egin ahalko duenari buruzko informazioa.