Berriak
Atzealdea Bihartik igandera bitartean ospatuko dira Kalebeherako festak
2016·09·14
Bihar arratsaldean hasiko dira Alegian hain bereziak diren Kalebeherako festak. Ikasturte hasierak sortzen duen zama arintzeko baliagarriak izaten dira jai horiek herritarrentzat eta aurten ere, ostiraletik igandera bitartean izango da zer ikusia eta gozatua Kalebeherako parkean.
Bihar arratsaldean lehertuko da festa. 19:00etan piztuko dute jaien hasiera iragartzen duen suziria eta buruhaundiak izango dira txikienen gozagarri. 20:00etan, jada tradizio handia duen patata tortila lehiaketa ospatuko da. Gazte eta heldu, bakoitza bere sekretuarekin tortilarik onena egiten saiatuko dira talde ugari. Ondoren, egindakoa jateko aukera izango da zahagiardoan eta lehen eguna amaitzeko, dantzarako aukera goizalderarte trikitilarien eskutik.
Larunbatak kirol ukitua izaten du urtero Kalebeherako festetan. Bezperako ajea kentze aldera, 12:00etan krosa jokatuko da, maila ezberdinetan. Arratsaldeko 16:00retatik aurrera pala txapelketako kanporaketak jokatuko dira finala nortzuk jokatuko duten erabaki arte. Ordu berean, ume jolasak eta zinta karrera ere egingo dira. Iluntzean zahagiardoa izango da eta 22:30ean bertso saioa. Eli Pagola, Imanol Irazustabarrena, Iñigo Gorostarzu, Mikel Artola eta Eñaut Martikorena ariko dira kantuan eta ondoren trikitixa izango da.
Igandeari ere goizetik helduko diote Kalebeheran. 12:00etan herriko dantzarien emanaldia eta txakolin dastaketa izango dira. Txakolinari laguntzeko, urteroko moduan, sardina erreak ere izango dira. 14:30ean herri bazkaria izango da eta 17:00etan esku pilota eta pala txapelketako finalak jokatuko dira parkeko pilotalekuan. Zahagiardoarekin eta mus txapelketarekin agurtuko dituzte jaiak, datorren urtera bitartean.