Berriak
Atzealdea Binakako Gipuzkoako txapelketa izango da Intxurreko pilotarien denboraldi berriko lehen erronka
2021·09·15
Intxurreko pilotarientzat asteburuan hasiko da lehiaketa ofizialari dagokionean behintzat, 2021-2022 denboraldia. Orotara, hamaika bikote izango ditu lehian Intxurrek. Gizonezkoetan, eskuz binaka zazpi bikote izango dira eta emakumezkoetan, gomazko paletan ariko diren lau. Eskuz binaka, kadeteetan hiru, jubeniletan bat eta nagusietan hiru izango dira eta palan, jubeniletan bi eta nagusietan bi. Asteburuan hasiko dira lehen ligaxkak.
Lehen jardunaldiari begira, ostiralean eta larunbatean jokatuko dira partidak Elorri pilotalekuan. Ostiralean 18:30ean hasita bi partida izango dira. Eskuz binaka, gizonezkoen kadeteen bigarren mailan, Intxurre eta Aloña Mendi neurtuko dira lehenik eta ondoren, gomazko paletan, emakumezko nagusien bigarren mailan, Intxurreko bi bikoteak elkarren aurka ariko dira. Larunbatean, 10:45ean, eskuz binaka, gizonezkoen nagusien mailako Intxurreko eta EPLEko bikoteak neurtuko dira.
Iñaki Artola igandean itzuliko da
Iñaki Artola igandean itzuliko da kantxetara ia lau hilabeteren ostean. Buruz buruko finala jokatzea eragotzi zion lesiotik osatuta, Logroñon ariko da Imazekin batera, Ezkurdiaren eta Tolosaren aurka. Artolaren hurrengo erronka nagusia, urriko lehen asteburuan hasiko den lau t’erdiko txapelketa izango da.