Berriak
Atzealdea Bost ekitaldi izango ditu urriko kultur egitarauak
2024·10·04
Udazkenarekin batera kultur eskaintzak protagonismoa hartuko du Alegian. Kultura batzordeak urriari dagokion kultur egitaraua aurkeztu du eta orotara, bost izango dira eskainiko diren ekintzak. Egitarauari hasiera urriaren 9an emango zaio 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat egingo den ipuin kontaketa saio batekin. Ana Galarragak ‘Ilargira joateko prest?’ saioa eskainiko du liburutegian 16:15etik aurrera.
Urriaren 20an dantzariz beteko da Alegia. Sutarri dantza taldearen 25. urteurrenaren baitan, Dantzari Txiki Eguna ospatuko da eta taldeak berak datozen egunetan emango du egitarauaren berri. Urriaren 24an irakurle taldearen saio berezi bat izango da 18:00etatik aurrera kultur etxean. Karmele Jaioren ‘Maitasun kapitala’ eleberriaren inguruan ariko dira eta Jaio berak ere parte hartuko du saioan.
Urriaren 26an, iaz herritar talde batek antolatu eta arrakasta handia izan duen ‘Anormal Eune’ren bigarren ekitaldia egingo da eta egitaraua, urriaren 31ko Gau Beltzarekin amaituko da.
Ekitaldi bakoitzaren inguruko xehetasunak, datozen egunetan kontsultatu ahal izango dira www.alegia.eus webgunean.