Berriak

Bost partida ikusi ahal izango dira asteburuan Elorri futbol zelaian

Aralar Intxurreko infantil mailako nesken eta mutilen taldeek asteburuan hasiko dute denboraldia

2019·10·16


Futbol menu oparoa izango du asteburuan Alegiako futbol zaleak. Elorri zelaian Intxurreko futbolarien bost partida jokatuko dira. Erregional mutilek larunbatean 15:30ean Segura Goierriren aurkakoa izango dute. Alegiarrek 0 eta 1 irabazi zuten Lazkaon azken partidan eta bosgarrenak dira. Seigarren dauden goierritarren aurka garaipen berri bat lortzeko aukera izango dute. Jubenil mutilek jipoia jaso zuten Idiazabalen eta denboraldiko lehen puntuak batzen ahaleginduko dira Danearen aurka larunbatean 17:45ean. Kadete neskek Goierri Gorri Aren aurka jokatuko dute egun berean 11:00etan. Azken partidan 6 eta 0 galdu zuten Legazpin eta azken postuan daude punturik gabe.

Etxean ariko diren beste bi taldeak Aralar Intxurreko infantil mailako neskak eta mutilak izango dira. Denboraldiko lehen partidak izango dituzte eta neskek Urnietaren aurkakoa izango dute larunbatean 9:30ean. Mutilek berriz, Euskaldunari egingo diote aurre igandean 11:30ean.

Azkenik, gorengo mailako neskek eta kadete mutilek etxetik kanpo jokatuko dute. Neskek Eibarren jokatuko dute larunbatean 16:00etan. Mutrikuren aurkako hirunako berdinketaren ostean, sailkapeneko bigarrenaren aurkako partida izango dute. Kadete mutilek berriz, Tolosan jokatuko dute igandean 10:00etan. Azken partidan Ostadarren aurka 4 eta 0 galdu zuten.