Berriak

Atzealdea Bukaera borobila eman zitzaion Oinarria Antzerki Topaketari

Sari banaketa soil bat baino askoz gehiago izan zen gala batekin itxi zen topaketaren lehen ekitaldia

2025·06·24


Maiatzean eta ekainean burutu dira Inaxio Begiristainen omenezko Amateur Antzerki Topaketak. Lau antzerki taldeek bost emanaldi eta haurren beste bi talde aritu dira bertan, tartean herriko bi taldeak. Umeen eskolako taldea eta Intxurre. Astero eszenaratzen joan diren emanaldi hauek bat egin zuten igandeko zineko ekitaldian. Bertan bildu ziren antzerki taldeko partaideek eta guztiek jaso zuten artez edo moldez sari bana. Arrazoi ezberdinak azpimarratuz, talde zein zuzendariek Egurrezko Zutabea jaso zuten. Sariak banatzerakoan kontutan izan da bi hilabete hauetako emanaldietan zehar ikusleek emandako iritzia, horretarako jartzen baitzen funtzio bakoitzean iruzkinak luzatzeko aukera hori.

Debako GOAZ taldearen aniztasuna, koordinazioa eta mezua azpimarratu zen. Arrasateko DOKE taldearen egokitzapena eta aktoreen lana, Segurako XIRIKARA taldearen umorea, naturaltasuna eta aberastasuna azpimarratu ziren. Horiek izan baitziren publikoaren iritzietan jasotako batzuk. Bertako, Alegiako taldeak ere jaso zuen bere Zutabea “Argi Dago” obraren eszenaratze bikainarengatik. Eta beste Zutabe bana eraman zuten umeen taldeko zuzendariek. Hasi berriei, haurrei, arte honen maitasuna, jolas moduan transmititzeagatik eta oholtza gaineko ausardia azpimarratuz jaso zuten saria Bea Larrañaga eta Ziggy O’Dogertyk.

Gala berriz Maialen Urretabizkaiak aurkeztua bideoekin , dantzarekin, trikitixarekin, gitarraren musikarekin, ipuin kontaketa edo aktoreen esketxekin osatu zen. Tarteka umoretsu, tarteka hunkigarri eta noizbehinka aldarrikatzaile ere bai. Saria jaso zuten guztiek nabarmendu zuten horrelako topaketak, ekitaldiak, egitearen garrantzia eta antzerki amateurraren ezagutza eta loturak sendotzearen beharra. Aurrerantzean ere bide horretatik jarraitzeko eskatu zieten antolatzaileei: Intxurre Antzerki Taldeari eta Elkarteari.