Berriak

Atzealdea Denetariko emaitzak Intxurreko futbol taldeentzat lehen jardunaldiko partidetan

Kadete mutilek soilik lortu zuten garaipena Idiazabalen 1 eta 7 irabazi ostean

2016·09·20


Intxurreko futbol taldeentzat hasi da 2016-2017 denboraldia eta lehen jardunaldian denetariko emaitzak izan dituzte lehian izan diren hiru taldeek. Gorengoen mailako lehen partidan, Intxurreko mutilek bina berdindu zuten Lagun Onak taldearen aurka etxean. Lehen puntua urratu dute beraz, eta larunbatean 16:00etan Zestoaren zelaian jokatuko dute bigarren jardunaldiari dagokion partida. Zestoarrek garaipena lortu zuten lehen jardunaldian Idiazabalen zelaian. Lehen mailako jubenilek aldiz, 6 eta 4 galdu zuten Beasainen. Gol askoko partida izan zen emaitzak erakusten duen moduan eta alegiarrak esku hutsik itzuli ziren etxera denboraldiko lehen hitzordutik. Segura Goierriren bisita izango dute larunbatean 16:0etan eta neurketa horretan denboraldiko lehen puntuak lortzen saiatuko dira Intxurrekoak. Goierritarrek ere galdu egin zuten lehen neurketa.

Asteburuko emaitzarik onena kadete mutilek lortu zuten. 1 eta 7 irabazi zioten Idiazabali eta garaipen horri eta lortutako gol kopuruari esker sailkapeneko lehen postuan kokatu dira. Larunbatean 11:00etan Lazkaoren bisita izango dute eta bi taldeak lehen jardunaldian garaipena lortuta iritsiko dira lehia horretara. Azkenik, maila bereko neskek asteburuan ekingo diote denboraldi berriari. Multzoen ligaxka jokatzen hasiko dira eta lehen jardunaldian Zarautz izango dute aurkari etxetik kanpo, larunbatean 12:30ean.