Berriak
Atzealdea Deseskalatze prozesuko 0 Fasea indarrean egongo da gaurtik maiatzaren 11ra bitartean
2020·05·04
Espainiako gobernuak konfinamendua amaitzeko zehaztutako bidean 0 Fasea jarri da gaur abian. Maiatzaren 11ra bitartean luzatuko da eta hainbat sektoretan aldaketa batzuk somatuko dira.
SALTOKI TXIKIAK
Saltoki txikiei dagokienean, 400m2 baino txikiagoak direnek ateak irekitzeko aukera izango dute. Bezeroei aurretiazko hitzordua emanda soilik eskaini ahal izango dute zerbitzua eta horiek telefonoz deituta hartu beharko dute hitzordu hori. Bezeroekiko distantzia mantentze aldera, manpara duten saltokiek metro bateko distantzia gorde beharko dute eta ez dutenek bi metrokoa. Distantzia horiek mantentzea ezinezkoa den leku edo lanetan, langileek Norbere Babeserako Ekipoak erabili beharko dituzte. Bezeroak banaka sartuko dira dendan eta saltokien ardura izango da higiene neurri modura gel desinfektatzailea bezeroen esku jartzea.
Fase honetan jatetxeek ere eskaini ahal izango dute zerbitzua. Beti ere etxera eramateko moduan prestatu beharko dituzte eskariak eta kontsumitzaileek aurrez egindako eskaera hori jasotzera joan ahal izango dute jatetxera, beti ere zehaztuta dauden segurtasun distantziak eta higiene neurriak hartuz. Hemen duzue aipatu jardueren inguruan Espainiako Aldizkari Ofizialak argitaratu duena.
KIROLARI PROFESIONALAK
Kirolari profesionalei dagokienean, gaurtik aurrera aire librean banaka entrenatzen hasteko aukera izango dute, beti ere Gipuzkoatik atera gabe. Beraien lan saioak gauzatu ahal izateko joan behar duten eremuetara joateko baimena izango dute. Azpian duzue horri buruz aldizkari ofizialak argitaraturikoa.
ERAIKINETAKO LANAK
Eraikinetako lanen inguruan, orain arte debekatuta zegoen jendea bizi zen eraikinetan lanak egitea. Bada, atzoko aldizkarian argitaraturiko aginduaren arabera, eraikineko bizilagunekiko beharrezko distantzia eta higiene neurriak hartzen diren kasuetan, lan horiek egin ahal izango dira. Hemen duzue agindua.
Azkenik, fase bakoitzean sektore bakoitzak egin ahal izango duenari buruzko informazio aletua duzue lotura honetan.