Berriak
Diploma banaketarekin eman zaio amaiera Txintxarriak Martxan ekimenaren lehen denboraldi arrakastatsuari
2017·06·22
Pozik dira Txintxarriak Martxan ekimenaren bultzatzaileak. Gaur eman zaio amaiera hamabi ibilaldiz osatu den lehen denboraldiari eta antolatzaileek lehen aro honen balorazio “oso positiboa” egin dute. Irteera bakoitzean bataz-beste 80 -90 pertsona inguruk hartu du parte eta luzera eta zailtasun ezberdineko irteerak egin dira, parte hartzaileen baldintzetara egokituta. Hirugarren adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta beraien arteko harremanak sustatzea ziren ekimenaren hasierako helburuak eta horiek bete direla gaineratu dute antolakuntzatik.
Gaurko azken ibilaldiaren ondoren diploma banaketa egin da. Modu horretara, adinekoei ekimenean parte hartu izana eskertu nahi izan zaie eta oroigarri modura gordetzeko diploma bana jaso dute. Ondoren, ibilaldi bakoitzean bezala, hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan dute. Gauzak horrela, datorren ikasturtean itzuliko da Txintxarriak Martxan ekimena, lehen denboraldiak utzitako aho zapore onak ematen duen indarrarekin.