Berriak
Atzealdea Eibarko Sostoa abesbatzaren kontzertua izango da igandean 19:00etan elizan
2017·03·10
Alegiako Txintxarri abesbatzak gonbidatuta, Eibarko Sostoa abesbatzaren kontzertua izango da igande honetan, martxoak 12, 19:00etan hasita Alegiako elizan. Duela ia hogeita hamar urte sortu zen bi abesbatzen arteko harremana eta iaz alegiarrak Eibarren izan ostean, igandean izango dira eibartarrak Alegian. Jesus Mari Sagarnaren zuzendaritzapean ariko den taldeak bi zatitan banatuko du emanaldia. Lehenengo zatia korutik egingo dute eta Antonio Vivaldiren Gloria obra ezaguna eskainiko dute, Gerardo Rifon organo jotzaile donostiarrak lagunduta. Hamabi mugimendu dituen obra da eta hainbat unetan, abesbatzako kide batzuk bakarlari lanetan entzun ahalko dira.
Bigarren zatia aldaretik egingo du Eibarko abesbatzak eta euskal kantu sorta bat eskainiko dute. Iparragirreren, Aita Madinaren, Mixel Labegerieren, Benito Lertxundiren, Lurdes Iriondoren eta Victor Zubizarretaren kantuak eskainiko ditu Sostoa abesbatzak.