Berriak

Atzealdea Ekainaren 11tik uztailaren 21era luzatuko da udako kultur programazioa

Ekitaldietarako gonbidapenak erreserbatu beharko dira Udaleko webgunean edo kultur etxera deituta

2021·06·03


Alegiako Udalak hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu ekainerako eta uztailerako. Ekainaren 11n hasi eta uztailaren 21era bitartean 12 ekitaldi izango dira herriko leku ezberdinetan, adin guztietako herritarrei zuzenduta.

Sei izango dira ekainean eskainiko diren ekitaldiak. Ekainaren 11n, Sutarri dantza taldeak emanaldi bat eskainiko du 19:00etan hasita eskolako patioko karpan. Ekainaren 17an irakurle taldeak ikasturteko azken saioa egingo du. Annie Ernauxen ‘Emakume bat’ liburua aztertuko dute 18:00etatik aurrera kultur etxean. Ekainaren 18an kale zineaz gozatzeko aukera izango da. ‘Agur Etxebeste’ filma proiektatuko da 22:15ean Kalebeherako parkean.

Ekainaren 24ean ‘Esku Harriak: Oteizaren (h)aria lana’ ikuskizuna eskainiko du Mugmus laborategiak 19:30etik aurrera Kalebeherako parkean. Hilaren 28rako, Eztanda talde feministak kamisetak egiteko tailerra antolatu du eskolako patioan. Hiru txanda eskainiko dira, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan, bakoitzean 30 lekurekin. Ekainekoak amaitzeko, hilaren 29an Sarini zirkoak “Txoriak txori” kale antzerkia eskainiko du Kalebeherako parkean 19:00etatik aurrera.

Uztailaren lehen egunean izango du segida egitarauak. 19:30ean ‘Kale gorrian’ kale antzerkia eskainiko da plazan. Uztailaren 11n bertso saio bat izango da eskolako patioko karpan. 19:30etik aurrera Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Iker Zubeldia eta Beñat Gaztelumendi ariko dira kantuan.

Alegiako jaiak uztailaren erdian ospatzen dira, nahiz eta azken bi urte hauetan pandemiak jaiak egitea eragotzi duen. Data horietan seinale modura, hiru ekitaldi egingo dira. Uztailaren 15ean Gozategi taldeak kontzertua eskainiko du eskolako patioko karpan 19:30etik aurrera. Hurrengo egunean, uztailak 16, bi ekintza izango dira, hauek ere eskolako karpan. Sutarri dantza taldeak emanaldia eskainiko du 12:15ean eta 19:00etan haurrentzako ‘Bertso-jasa’ izango da Mikel Artola eta Maialen Akizurekin. Egitaraua ixteko, uztailaren 21ean The Founes Troupek ‘Aukerak’ kale antzerkia eskainiko du 19:30ean Kalebeherako parkean. Egitaraua modu aletuan kontsultatu daiteke lotura honetan.

Bizi dugun egoera oso presente izan du antolakuntzak egitaraua eta kokalekuak aukeratzerakoan eta ekitaldi guztietan bermatuta egongo dira segurtasun eta osasun neurriak. Horrekin lotuta, ekitaldietara joan nahi dutenek aurrez erreserbatu beharko dituzte gonbidapenak Udaleko webgunearen bidez edo telefonoz. Web bidez, agenda sailean dauden ekitaldi bakoitzean sartu eta han aurkituko duzue gonbidapena lortzeko galdetegirako lotura. Telefonoz eskatzeko berriz, kultur etxera deitu behar da, 943 65 46 98 telefono zenbakira, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etarako ordutegian. Ekitaldi bakoitzak 100 laguneko edukiera izango du gehienez. Gonbidapena dutenek ekitaldia hasi baino 15 minutu lehenago dagokien lekuan eserita egon beharko dute. Hala ez badaude, ekitaldira ez doazela ulertuko da eta azken orduan beste norbaitek sartzeko aukera izango du. Lekuek eta ordutegiek aldaketak izan ditzakete, unean uneko osasun neurrien arabera. Azpian duzue antolakuntzak prestatu duen COVID-19 protokolo osoa.

 

COVID-19 PROTOKOLOA

-Covid-19aren ondorioz eta osasun-segurtasuna bermatzeko, emanaldien edukiera mugatuko da.

-Emanaldietara joan ahal izateko, gonbidapena beharko da.

-Gonbidapena eskatzeko, Udaleko web orrira jo (www.alegia.eus) edo kultur etxera (943 65 46 98) deitu beharko duzu, 10:000etatik 14:00etarako ordutegian.

-Pertsona bakoitzak, gehienez, 2 gonbidapen eskuratzeko aukera izango du, familia ugariek izan ezik.

-Haurrei zuzendutako emanaldietan, horiek lehentasun osoa izango dute. LH 2tik behera dabiltzan haurrak euren gurasoetako batekin sartu ahalko dira, betiere, eserleku bat hartuz.

-Edukiera betetzen ez bada, momentuan sartzeko aukera izango da.

-Emanaldietara sartu ahal izateko, unean uneko segurtasun-neurriak jarraitu beharko dituzte pertsona guztiek.

-Gonbidapena dutenek, ekitaldia hasi baino 15 minutu lehenago eremuaren barruan eserita egon beharko dute, eserleku guztiak beteko ez balira gonbidapenik ez dutenek sartzeko aukera izan dezaten.

-Gonbidatuen izena ekitaldiaren sarreran egiaztatu egingo da. Gonbidapena erreserbatzen duenak ez du sarrera fisikorik jasoko.

-Ordurako sartzen ez denak ez du lehentasunik izango, nahiz eta gonbidapena eduki.

-Unean uneko osasun baldintzen eta egoeraren arabera, ekitaldien eguna, ordua eta kokagunea aldatu egin daiteke.