Berriak

Atzealdea Ekainaren 18an Alegia Zainduz egitasmoko galdetegiak utzitako emaitzak aurkezteko saio irekia egingo du Zaintza Mahaiak

Kultur etxean izango da 18:30ean eta jasotako 140 erantzun ingurutatik ateratako argazkia erakutsiko da bertan

2025·06·12


Alegia Zainduz egitasmoak urratsak ematen jarraitzen du. Zaintzaren alorrean herritarrek duten iritzia eta herrian dauden beharrak identifikatzeko egitasmo bat da eta Zaintza Mahaia da horren eragile nagusia. Maiatzean zehar galdetegi bat erantzuteko aukera izan dute alegiarrek eta bertan jasotako erantzunak herritarrei aurkezteko unea iritsi da.

Zentzu horretan, ekainaren 18an, asteazkena, herritar guztientzat irekia izango den saio bat egingo da kultur etxean 18:30ean. Bertan, Alegiako Zaintza Mahaia osatzen duten kideek, aipatu galdetegian jaso diren emaitzetatik atera diren ondorioak aurkeztuko dizkiete herritarrei. Udazkenetik aurrera egitasmoak urrats berriak ematen jarraituko du baina garrantzitsua da uda aurretik herritarrei lehen argazki horren berri ematea, errealitatearen berri izateko.

Udalak herritar guztiak saio horretan parte hartzera animatu nahi ditu, modu batera edo bestera denoi eragiten digun gaia delako.