Berriak
Atzealdea Ekainaren 1ean Alegiako haurrek eskainiko duten antzerki emanaldia 12:00etara aurreratu da
2025·05·23

Oinarria Antzerki Topaketaren baitan Alegiako haurrek ekainaren 1ean eskaini behar duten emanaldia orduz aldatu da. Hasiera batean arratsaldez egitekoa zen baina egun eta ordu beretsuan Iñaki Artolak buruz buruko pilota txapelketako finala jokatuko duenez, 12:00etara aurreratu da emanaldia. Kultur etxean izango da eta Bea Larrañagaren zuzendaritzapean ariko dira gaztetxoak. Herri arrunt bat egun arrunt batean esnatzen da... Zer gertatuko da?
Bihar Arrasteko DOKE taldearen txanda
Inaxio Begiristainen omenez martxan dauden Topaketetan berriz, aste honetan Arrasateko DOKE taldea izango dugu zineko oholtza gainean. Dario Fo antzerkigilearen ‘Hemen ez du inork ordaintzen’ obra ekarriko dute, larunbatez gaueko 22:30ean. Bi etxekoandre xumek hileko amaierara iristeko dituzten arazoak aurkezten ditu. Horietako bat supermerkatu batera sartu eta ahal duen guztia eramaten du ordaindu gabe. Gero bi andreek, lapurretaz inor kontura ez dadin, plan bat asmatzen dute, gero eta nahasiagoa, senarrak ere konplize bihurtzeraino. Jose Mari Velez de Mendizabalek itzulitako testua da eta Vene Herrerok zuzendu du taldea.