Berriak

Atzealdea Ekainaren 1ean irakurle taldeak ‘Dantzaldia’ eleberria aztertuko du 18:00etan liburutegian

Urteko bigaren saioan landuko dutena Irene Nemirovskyren lana da eta Eider Rodriguezek itzuli du euskarara

2023·05·25


Ekainaren 1ean, osteguna, Alegiako irakurle taldeak urteko bigarren saioa egingo du. 18:00etan izango da liburutegian eta Amaia Goikoetxeak gidatuko duen saioan Irene Nemirovskyren ‘Dantzaldia’ liburua aztertuko dute. Eider Rodriguezek ekarri du euskarara.

Hitzaurrean itzultzaileak zuzen dioen bezala; liburu hau “harribitxia da, hasperen bati buruzko tratatua dela esan daiteke”. Halaxe da, hasperen bati buruzko tratatua da liburua, izan ere, hasperen bat mota askotakoa izan daiteke: asperdura hasperena, gorroto hasperena, inbidia hasperena, oinaze hasperena, maitemin hasperena, etsipen hasperena… Hasperen horiek guztiak barnebiltzen ditu Nemirovskyk liburuan, bere hasperen propioak ere badirenak. Haurtzaro bakarti eta zorigaiztokoa izan zuen Nemirovskyk eta orriotan ikusten da horren isla. Erraz suma daiteke Nemirovskyren asperdura, gorrotoa, inbidia, oinazea, maitemina, etsipena… liburuaren protagonista den Antoinetteren hasperen bakoitzean. Hasperen askotariko liburua, hasperen batean irakurtzekoa.

Ohi bezala, saio irekiak direla gogorarazten da eta parte hartzeko ez dago liburua irakurri beharrik. Saioak irauten duen bitartean liburutegia itxita egongo da.