Berriak
Atzealdea Ekainaren 22tik aurrera gimnasioa erabilgarri egongo da baldintza bereziekin
2020·06·15
Ekainaren 22tik aurrera zabalik egongo da Inaxio Begiristain Kirol eta Kultur Etxeko gimnasioa, baldintza bereziekin. Erabiltzaileek astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara erabili ahal izango dute gimnasioa eta derrigorrezkoa izango da aurrez hitzordua hartzea, telefonoz deituta edo posta elektronikoz. Hitzordua hartu nahi den astearen aurreko ostegunera bitartean hartu ahal izango da ordua. Udalak bere esku dituen neurri guztiak hartuko ditu segurtasuna bermatzeko eta erabiltzaileei ere ahalegin bat eskatzen zaie, saio bakoitzeko azken hamar minutuetan erabilitako materiala desinfektatu beharko dutelarik. COVID-19aren sintomaren bat duenak ezingo du gimnasiora joan. Jarraian dituzue gimnasioaren erabilera berri honetarako baldintzak.
Aurrez hitzordua hartu behar da
943 65 46 98 telefonora deitu behar da 10:00etatik 13:00erako ordutegian edo kultura@alegia.eus helbidera idatzi ordua hartzeko. Hitzorduak hartzeko, erabili nahi den astearen aurreko asteko ostegunera bitarteko epea egongo da. Hitzordua hartzea derrigorrezkoa izango da.
Gimnasioaren ordutegia
Astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara egongo da erabilgarri. Kultur etxeko sarrera nagusitik sartu eta atera beharko da eta erabiltzaileak harrerako arduradunari jakinarazi beharko dio iritsi dela. Identifikazio dokumenturen bat eraman beharko da.
Txandak eta desinfekzioa
Ordubeteko txandak izango dira eta aldiko gehienez lau pertsona egongo dira. Hasiera batean ez da asteko ordu kopuru mugarik jarriko baina egiten diren erreserbak aurreko asteko ostiralean konfirmatuko dira. Helburua ahalik eta erabiltzaile gehienek gimnasioa erabiltzeko aukera izatea da.
Segurtasun neurriengatik gimnasioko material guztia ez da erabilgarri egongo.
Saio bakoitzeko azken hamar minutuetan erabiltzaileek erabilitako makinak desinfektatu beharko dituzte eskura izango dituzten produktuekin.
Segurtasun eta higiene neurriak
-Ur botilak, izerdia lehortzeko eskuoihalak... norberak bereak eraman eta erabili beharko ditu.
-Gutxienez bi eskuoihal eraman beharko dira. Bat izerdia kentzeko eta bestea makinetan erabiltzeko, beharko balitz.
-Kaleko oinetakoekin sartzea debekatuta dago. Gimnasiora sartzerakoan oinetakoak aldatu behar dira.
-Aldagelak eta komunak itxita egongo dira.
-Kultur etxera sartzeko maskarila derrigorrezkoa izango da.
Nork erabili dezake?
-Bazkideek lehentasuna dute.
-Eguneko sarrera ordaintzen duten erabiltzaileek ere erabili dezakete.
*Egoera honek irauten duen bitartean ez da hilabeteko bonorik egingo.
Erabiltzaileei neurriak errespetatzea eta betetzea eskatzen zaie, gimnasioa segurtasunez erabili ahal izateko.
Kuoten bigarren zatia ez da kobratuko
Kultur etxeko bazkide izan eta kuota helbideratuta duten erabiltzaileei ez zaie urteko bigarren zatia kobratuko. Uztailaren 5ean zen egitekoa kobrantza hori baina egoera ikusita, Udalak ez die urteko kuotaren bigarren zati hori kobratuko.