Berriak

Atzealdea Ekainaren 27tik aurrera errefusa atez ate bilduko da

Ekainaren 22an alarma egoera amaitzen denez edukiontzi grisak kendu eta zerbitzuak normaltasuna berreskuratuko du

2020·06·15


Tolosaldeko Mankomunitatea ari da COVID-19ak eragindako krisialdiagatik hartutako neurriak leundu eta normaltasunera itzultzen. Martxoan edukiontzi grisak jarri ziren Alegiako hainbat puntutan errefusa eta gaixo egon zitekeen jendeak erabiltzen zuen materiala egunero atera ahal izateko. Bada, egoerak hobera egin duela eta alarma egoera amaitzera doala kontuan izanda, ekainaren 27tik aurrera errefusa atez ate bilduko da, alarma egoera indarrean jarri aurretik egiten zen moduan. Ekainaren 22an edukiontzi grisak kenduko ditu mankomunitateak eta zerbitzuak normaltasuna berreskuratuko du.

Bide batez, hondakinak kuboetan eta ondo sailkatuta atera behar direla gogorarazi nahi du Mankomunitateak, egun bakoitzean tokatzen den frakzioa ateraz. Pixoihalak kuboarekin batera atera daitezke ondo itxitako poltsa batean eta maskarilak eta eskularruak kubo grisean sartu behar dira eta ez horian.  Azkenik, hondakinak poltsetan ateratzea eta lurrean uztea debekatuta dagoela gogorarazten da Mankomunitatetik.

Zalantza edo galderaren bat duena Tolosaldeko Mankomunitatearekin jarri daiteke harremanetan.