Berriak
Atzealdea Ekitaldi ugari egingo da igandean Alegian Euskararen Eguna ospatzeko
2017·11·30
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Horren harira, ekitaldi ezberdinak egin izan dira azken urteetan Alegian eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Igandean goizeko lehen ordutik izango dira jarduerak. Alegiako Argazkizaleen Taldeak antolatuta, Alegiako II. Argazki Rallya egingo da. Goizeko 9:00etatik 10:00etara bitartean izena emateko aukera izango dute parte hartzaileek plazan. Guztira hiru maila ezberdinduko dira. Lehen Hezkuntzako ikasleak, DBHkoak eta 16 urtetik gorakoak. Maila bakoitzean saria izango dute argazki eta bilduma onenek eta parte hartzaile guztiak kontuan hartuta, beste sari bat banatuko da. 12:30ak 13:00ak alderako amaituta izango da.
Arratsaldean euskarazko pelikula bat eskainiko da 17:00etatik aurrera Elizpe zinean eta 17:30etik aurrera gaztaina erreak banatuko dira plazan.
Eguerdian mosaikoa
Eskualde mailako ekimen batekin bat eginez, eguerdian mosaiko bat egingo da. Tolosaldeko udalek sustatutako ekimen honetan “Tolosaldean Euskarak 365 egun” esaldia osatu nahi da herriz herri. Alegiaren kasuan jendearekin G letra osatzea egokitu da eta 12:00etan aterako da argazkia. Herritarrak mosaikoan parte hartzera animatzen dira eta interesa dutenei 11:30 ingururako plazara hurbiltzeko eskatzen zaie, guztia prestatzeko. Argazkia egin ostean hamaiketakoa eskainiko da.