Berriak

Atzealdea Ekitaldiz beterik dator martxoaren 8aren bueltan lehen aldiz antolatu den Martxoa Morea ekimena

Erakusketa bat, Alardearen inguruko filma eta haurrentzako antzerkia izango dira lehen asteburuko ekitaldiak

2017·03·01


Alegiako Udalak hainbat ekitaldi antolatu izan ditu azken urteotan martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan. Bada, aurten lehen aldiz, ekitaldi horiek guztiak Martxoa Morea izeneko ekimen baten baitan bildu ditu eta gauzak horrela, martxo osoan zehar askotariko ekitaldiak eskainiko dira Alegian. Adin guztietako pertsonei zuzendutako ekitaldiak izango dira eta formatu ezberdinak erabiliz gai ezberdinak landuko dira, ikuspuntu ezberdinetatik. Berdintasuna, maskulinitatea… Eta horiek lantzeko filmak, erakusketak, tailerrak, antzerkiak, hitzaldiak eta beste izango dira.

Gauzak horrela, ostiralean, martxoak 3 hasiko dira ekitaldiak. Hilaren 11ra bitartean “Jaizkibel konpainia, 20 urte” erakusketa ikusi ahal izango da kultur etxeko areto nagusian. Astelehenetik ostegunera 10:00etatik 13:00era eta 19:00etatik 21:00etara ikusi ahal izango da eta ostiralean 15:00etatik 21:00era egongo da zabalik. Ostiralean bertan, bestetik, “Alardearen seme-alabak” filma ikusi ahal izango da 18:30ean Elizpe zinean eta ondoren zine foruma izango da Hirusta taldearen eskutik. Larunbatean, hilak 4, “Futbolariak eta printzesak” antzerki obra izango da 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzat 17:00etan Elizpe zinean.

Martxoaren 8an, asteazkena, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da. 19:00etan kontzentrazio bat egingo da plazan eta ondoren “Sexijentziak askatuz” klown saioa izango da Elizpe zinean, Bazen Behin Clown taldearen eskutik. Bestalde, martxoaren 15etik maiatzaren 3ra bitartean indarkeria prebenitzeko tailer bat izango da gazte zein helduentzat, 18:00etatik 20:00etara Gaztelekuan. Tailer honen saioak martxoaren 15ean, 22an eta 29an, apirilaren 5ean eta 26an eta maiatzaren 3an izango dira.

Martxoaren 18an eta apirilaren 1ean maskulinitate tailer bat izango da 17:00etatik 19:00etara kultur etxean. Unai Iraola eta Andu Martinez de Rituertok eskainiko dute tailer hori. Martxoaren 21ean “Berdintasuna eta hezkuntza” izeneko hitzaldia eskainiko du Andu Martinez de Rituertok 19:00etan kultur etxean, Aralar institutuak antolatuta eta egitarauari amaiera emateko, martxoaren 28an “Fatima” filma eskainiko da 19:00etan Elizpe zinean.

Egitaraua osorik webgune honetako agenda atalean duzue.