Berriak
2024·07·19
Alegiako Udalak herritarrei eskerrak eman nahi dizkie festetan izan duten jarreragatik. Antolatu diren ekintzetan parte hartze oso handia izan da eta hori ere bada jai giroa sortzeko ezinbesteko osagaia, ekintzak antolatze hutsak ez baitu bere horretan festarik sortzen. Festa batzordeak egitarau hain zabala antolatzen egiten duen lana eskertzeko bidea da parte hartzea eta zentzu horretan, herritarren jarrera eredugarria izan da. Adin guztietako pertsonak ikusi dira ekintzez gozatzen eta horrek zentzua ematen die festa aurreko zalantza eta buruhauste guztiei.
Festa batzordea aipatuta, festen aurretik hainbat hilabetez eta festetan egunero lan nekaezina egin duten kideen lana ere balioan jarri nahi da. Bolondres modura egiten den lan hori da festaren txinparta piztuta mantentzen duena. Horiekin batera, udal langileek egindako lana ere azpimarratu nahi da, eguna hasterako kaleak garbi izanez eta ekintza guztietarako azpiegitura prestatuz. Horiekin guztiekin batera, ekintza puntualetan lagundu dutenei ere esker ona adierazi nahi zaie.
Beti dago ordea hobera egiteko aukera. Festa batzordeak bere balorazioa egingo du eta identifikatuko ditu hobetzeko dauden hainbat puntu. Aldi berean, Udalak herritarren iritzia ere ezagutu nahiko luke eta horretarako formulario bat zabaldu da, ekintzak baloratu eta ekarpenak egiteko. Azpiko botoian duzue formulariorako sarbidea. Denon erantzunak eta iritziak ongi etorriak izango dira, datorren urtean festa hobeagoak egin ahal izateko. Mila esker!!