Berriak

Elkarrekiko laguntza eta buru osasunari buruzko hitzaldia eskainiko du AGIFESek Hernanin apirilaren 20an

Elkarteko kide den Mikel Merinok eskainiko du Hernaniko kultur etxean 18:30ean hasiko den hitzaldia eta edukiera mugatua izango du

2021·04·14


Mikel Merinok, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteko elkarrekiko laguntza-programako agenteak, hitzaldia emango du datorren apirilaren 20an, asteartean, Hernanin. Bertan, esku-hartze eredu honek osasun mentaleko arazoen errekuperazio prozesuari nola laguntzen dion azalduko du. AGIFESek antolatutako topaketa Hernaniko kultur etxean egingo da, 18:30ean. AGIFES Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen
eta Senideen Gipuzkoako Elkartea da eta hitzaldiak edukiera mugatua izango du.

Elkarrekiko laguntza gidatzen duen agentearen rola osasun mentaleko arazoa duen pertsonari entzuna eta ulertua izateko gunea eskaintzea da, eta itxaropena transmititzea. Epairik gabeko espazioa da, antzeko bizipenak jasan dituen eragilearen esperientzia baitu oinarritzat. Arreta zerbitzu hau berdintasun harremanean oinarritzen da, pertsonengan jartzen baitu garrantzia, eta ez sintometan edo diagnostikoan. Proiektu honen oinarrian honako teoria dago: buru osasuneko arazo larriak dituzten pertsonek ere nabarmenki hobera egin edo osasun mentala berreskura dezaketela.

Programaren zutabeetako bat ahalduntzea bultzatzea da eta buru osasuneko arazoa duen pertsona bere osatze-prozesuaren gidari izateko gai sentiaraztea. Izan ere, pertsona batzuentzat errekuperazioa aurkikuntza eta hobetze prozesua izan daiteke; buru nahasmendua atzean utziz bizitza berria hasteko aukera, hain zuzen. Osatzea edo errekuperazioa zentzu honetan ulertzen dugu: pertsonarentzat pozgarria eta zentzuzkoa den bizitza-proiektu bat eraikitzea, eurak erabakitako planaren arabera eta sintomen eta arazoen eboluzioarekin zerikusirik ez duena.

Gipuzkoan aitzindaria den esku-hartze eredu hau buru osasuneko arazoa izan eta gainditu duen pertsona batek gidatzen du. Elkarrekiko laguntza eskaintzeko prestakuntza jaso ostean, programa honen gidariak buru osasun arazoa duten pertsonen errekuperazio-prozesuan parte hartzen du.