Berriak

Atzealdea Elorri Aldapa pozik azaldu larunbateko 3x3 saskibaloi txapelketak utzitakoarekin

Herritarren parte hartzeak gora egin du eta ikusle aldetik ere erantzun ona jaso zuen txapelketak

2025·07·07


Elorri Aldapa saskibaloi taldeak larunbatean jokaturiko 3x3 saskibaloi txapelketaren balorazio ona egin du. Lehenik eta behin, lekuarekin asmatu izanaren sentsazioarekin daude. Erbeta parkean jokatu zen txapelketa eta zegoen eguraldiagatik, hainbat unetan jokatzeko bero dezentea egon arren, ikusleentzako toki egokia dela ikusi dute, itzalgune handiak daudelako eguzkitatik babestuta partidak ikusi ahal izateko.

Bestetik, parte hartzearekin ere pozik geratu dira, bi ikuspuntutatik. Batetik, herritarren parte hartzeak gora egin duela ikusi dute eta lehen urteetan ez bezala, gero eta gehiago dira alegiarren parte hartzea duten taldeak. Horrekin batera, hainbat talderen mailan egin nahi izan dute azpimarra. Jokalari oso onek hartu zuten parte txapelketan eta horrek lehiaketari ikusgarritasun handia eman ziola adierazi dute.

Tolosako San Juan Magan taldea izan zen txapeldun. Bigarren postuan The Locos taldea sailkatu zen eta talde honetan bazen alegiarren presentzia eta baita Elorri Aldapan jokatzen dutenena ere. Aipatu behar da Oier Garaikoetxea eta Jokin Alustiza alegiarrek osaturiko taldea laugarren postuan sailkatu zela.


Elorri Aldapak eskerrak eman nahi dizkie txapelketan parte hartu eta partidak ikustera joan ziren pertsona guztiei.