Berriak

Atzealdea Elorri Aldapa saskibaloi taldeak garaipen handia lortu zuen Take Coach liderraren aurka

Puntu bakarreko aldeaz nagusitu ziren alegiarrak goraino bete zen Elorri pilotalekuan jokaturiko partidan

2020·02·03


Elorri Aldapa taldeko jokalari, arduradun eta zaleek luzaroan gordeko dute iragan larunbatean Elorri pilotalekuan bizitakoa. Take Coach liderraren bisita jaso zuten alegiarrek hamargarren jardunaldiari zegokion partidan eta gauzak gaizki hasi baziren ere, azkenerako etxeko lehen partida irabaztea lortu zuten Elorri Aldapakoek 54 eta 53. Lehen laurdenean 7 eta 20 atzetik jarri ziren alegiarrak eta tolosarrek partida bideratu zezaketela zirudien. Dena den, etxekoek joko maila igo zuten eta aurkaria estu hartzen hasi ziren. Minutuek aurrera egin ahala, markagailua estutzen joan zen eta emozioz betetako amaiera batean, zaleen ezinbesteko babesarekin, puntu bakarreko aldeaz irabaztea lortu zuten. Gogotik ospatu zuten jokalariek eta zaleek garaipen estu hori eta harmailetan bildutakoek txalo zaparrada batekin agurtu zituzten jokalariak. Harro daude taldeko kideak herrian saskibaloirako afizioa eta partidak ikustera joateko ohitura errotu dela ikusita. Zaleei eskerrak eman nahi dizkiete jasotzen ari diren babesagatik.

Larunbateko garaipenarekin, Elorri Aldapa sailkapeneko zazpigarren postura igo da hamabi punturekin. Larunbatean 16:00etan hirugarren dagoen Mekalki Aloña Mendiren aurka jokatuko dute Oñatin.