Berriak
2021·09·09
Elorri Aldapa saskibaloi taldeak ilusioz beterik ekingo dio 2021-2022 denboraldiari. Osasun krisialdiak iazko martxoan taldearen jarduna eten ostean, sasoi berriari begira gogotsu dira taldeko ordezkariak. Gizonezkoen nagusien taldeak jada ekin dio aurredenboraldiari eta hilabete eskasera hasiko dira lehiatzen.
Taldea sortu zenetik erronka nagusietako bat izan da emakumezkoen taldea sortzea. Aurreko denboraldietan ez da posible izan baina aurtengoan ere saiakera egitekotan dira. Beraz, saskibaloia atsegin eta ondo pasatzeko gogoz dauden neskei taldearekin harremanetan jartzeko edo astearteetan 19:00etan Elorri pilotalekuan duten hitzordura agertzeko deia egiten zaie.
Saskiratu eta gozatu
Saskibaloirako zaletasuna sustatu asmoz, kirol hori probatu ez dutenei ere astearteetan 19:00etan Elorri pilotalekura agertu eta probatzeko deia egiten zaie. Ekimen hori, 2006 eta 2007an jaiotako kadeteei eta 2004an eta 2005ean jaiotako juniorrei zuzenduta dago. Informazio gehiagorako elorri.aldapa@gmail.com helbidera idaztea gomendatzen da.