Berriak

Atzealdea Elorri Aldapa ZTB Garbiketak taldeak 76 eta 67 galdu zuen Astigarragan

Orain atsedenaldi bat izango dute eta urtarrilaren 10ean etxean jokatuko dute hurrengo partida

2025·12·16


Elorri Aldapa ZTB Garbiketakek galdu egin zuen larunbatean Astigarragan. Alegiarrek partida ona egin zuten baina aurkariak bere baliabideak ondo kudeatu zituzten eta alegiarrek azkenerako amore eman behar izan zuten 76 eta 67.

Astigarragako Mundarro taldeak jokalari handi eta astunak ditu eta horren jakitun, alegiarrek joko azkarra kantxaratu zuten hasieratik. Horrek ondo funtzionatu zuen eta lehen laurdena 15 eta 13 amaitu zen. Astigarragakoek bazekiten joko mota hori ez zitzaiela komeni eta partida moteldu zuten, modu horretan markagailuko aldea apur bat zabalduz, atsedenaldi luzera 40 eta 30 iristeko.

Hirugarren laurdenari partidari bezalaxe ekin zion Elorri Aldapa ZTB Garbiketakek eta horrek berriz ere markagailuan asko hurbiltzeko aukera eman zien, hirugarren laurdena 55 eta 54 amaituz. Dena den, barruko jokalari batzuen hutsunea ere bazuten eta etxekoek hori zigortu zuten azken minutuetan. Jokalari handi horiekin egin beharreko lanak arlo fisikoan ere eragina izan zuen eta azkenerako alegiarrek amore eman behar izan zuten, itxura ona eman arren.

Orain hiru asteko etena izango dute eta hurrengo neurketa urtarrilaren 10ean jokatuko dute Elorrin Artesanos Juantxoren aurka.