Berriak
Atzealdea Elorri Aldapa ZTB Garbiketakek 49 eta 58 irabazi zuen Aldapeta Maria Ikastetxearen aurka
2026·04·20

Elorri Aldapa ZTB Garbiketak taldeak garaipena lortu zuen ostiralean Donostian Aldapeta Maria Ikastetxearen aurka. Alegiarrek 49 eta 58 irabazi zuten eta garaipen horrekin bosgarren postuan kokatu dira azken jardunadiaren atarian. Partidaren hasieran donostiarrek asmatu egin zuten hiruko lerrotik eta aurrea hartzea lortu zuten markagailuan. Dena den, alegiarrek partida ondo irakurri zuten eta defentsa lan sendo batean oinarrituta, aurkarien puntu emaria ixtea lortu zuten eta atsedenaldi luzera 23 eta 30 aurretik iritsi ziren.
Azken bi laurdenetan diferentzia hortxe mantendu zen eta Elorri Aldapa ZTB Garbiketakek ondo eraman zuen neurketa. Erasoan korrika egiteko aukera zutenean bizi ateratzen ziren baina jokaldia landu eta jaurtiketa erosoak egiteko abaguneak topatzerakoan ere fin ibili ziren. Azkenean, 49 eta 58 irabazi zuten.
Gauzak horrela, larunbatean denboraldiko azken neurketa izango dute etxean. 16:15etik aurrera Bosteko Irauliren aurkakoa izango dute. Alegiarrak bosgarren daude 19 punturekin eta aurkaria seigarren 18rekin. Elorri Aldapa ZTB Garbiketakek partida irabazita bosgarren postua bermatuko luke. Dena den, oraindik ezingo da zehaztu mailari eusteko moduan izango ote diren. Izan ere, goragoko mailetan dauden talde gipuzkoarrek denboraldia nola amaitzen dutenaren arabera, gauzak aldatu egin daitezke. Hau da, nazional mailatik hainbat talde gipuzkoar jaisten badira, beheko mailetan era talde gehiagok galduko dute maila.
Beraz, alegiarrek euren esku dutena azken partida hori irabaztea da eta horretarako eta denboraldia behar bezala amaitzeko, zaleen babesa eskatu dute azken neurketa horretarako. Hitzordua larunbatean 16:15ean, Elorrin.