Berriak
Atzealdea Elorri Aldapa ZTB Garbiketakek 58 eta 59 irabazi zuen Saski Axularren aurka
2025·11·17

Elorri Aldapa ZTB Garbiketak taldeak garaipen ederra lortu zuen larunbatean Donostian. Saski Axularren aurkako neurketa izan zuten eta gauzak estu izan baziren ere, azkenerako 58 eta 59 irabaztea lortu zuten. Partida honetara ere hainbat bajarekin iritsi ziren alegiarrak. Bazekiten aurrean izango zuten taldeak jokalari indartsu eta astunak zituela eta hasieratik defentsa gogorra egin beharko zutela. Horrelaxe egin zuten eta gainera, talde donostiarrean sormen gehien zuten bi jokalarien gainean defentsa itogarria eginez, hauek apur bat jokoz kanpo uztea lortu zuten.
Kate motzeko neurketa izan zen. Markagailuan ez alde batera eta ez bestera ez zen diferentzia handiegirik zabaldu. Atsedenaldi luzera 30 eta 35 iritsi ziren eta azken hamar minutuen atarian, markagailuak 47 eta 46koa erakusten zuen. Azken jokaldian etxekoek izan zuten baloia baina ez zuten asmatu eta alegiarrek egindako lan bikainaren saria eskuratu zuten. Dena esaten hasita, une erabakiorretan hain beharrezkoa izaten den zorte puntua alde izan zuten behingoz.
Larunbatean Ordizia liderraren bisita izango dute 16:15etik aurrera Elorrin. Sailkapenean seigarren postuan daude baina goiko postuak garaipen batera dituzte. Ordiziarren aurkakoaren ostean, hurrengo neurketa ere etxean izango dute Take Orbelaren aurka eta baikor dira, jokalariak berreskuratu eta talde lan onari jarraipena emanez garaipenen zakua betetzen jarraitzeko.