Berriak
Atzealdea Elorri Aldapa ZTB Garbiketakek 68 eta 64 galdu zuen Donosti Dolphinsen aurka
2026·01·21

Elorri Aldapa ZTB Garbiketak taldeak lehen faseko azkenaurreko partida jokatu zuen larunbatean Donosti Dolphinsen kantxan eta 68 eta 64 galdu zuen. Partida ona eta estua izan zen, aldi berean. Bi talde ezberdin ikusi ahal izan ziren kantxan. Batetik, esperientzia handia duen talde donostiar beteranoa eta bestetik, gaztetasunak ematen duen sasoiarekin maila onean aritu zen talde alegiarra.
Markagailua estu joan zen partida osoan eta laurden bakoitzeko partzialek hori erakusten dute. Lehen laurdena 16 eta 13 amaitu zen, atsedenaldi luzera 34-35 iritsi ziren, hurrengo hamar minutuen ostean 50 eta 46 zegoen markagailua eta azkenean 68 eta 64 amaitu zen partida. Neurketaren bilakaera ikusita, alegiarrek bazekiten ñabardura txikiek erabakiko zutela dema eta azken une horietan, donostiarrek erabaki hobeak hartzen jakin zuten. Horrek desorekatu zuen balantza beraien aldera.
Elorri Aldapa ZTB Garbiketak taldeko kideak, porrotak eragiten duen penarekin baina gauzak ondo egin izanaren sentsazioarekin itzuli ziren etxera. Larunbatean 16:15ean lehen faseko azken partida jokatuko dute Elorrin Biotz Aloña Mendiren aurka eta neurketa horren aurretik, badakite bigarren fasean jaitsiera ekiditeko multzoan izango direla. Lehen faseko emaitzek garrantzia dute bigarren fase horren hasierako sailkapena antolatzerakoan. Egoera txukunean iritsiko dira eta horrez gain, alegiarrek argi dute taldea erakusten ari den jarrera eta inplikazio mailarekin, helburu nagusi modura duten mailari eusteko erronka gauzatzeko moduan izango direla.