Berriak

Atzealdea Elorri Aldapa ZTB Garbiketakek 75 eta 36 irabazi zuen Take Orbela Tabernaren aurka

Asteburuan atsedena izango dute eta abenduaren 13an Astigarragan jokatuko dute 18:00etan

2025·12·01


Elorri Aldapa ZTB Garbiketak taldeak garaipen berri bat lortu zuen Take Orbela Taberna talde tolosarraren aurka. Elkar ondo ezagutzen duten bi talderen arteko lehia izan zen eta alegiarrek tarte dezentearekin irabaztea lortu zuten, 75 eta 36. Hasieratik gauza asko izan zituzten alde alegiarrek. Beste batzuetan sartu ez ziren jaurtiketak sartu egin ziren eta horri, hasieratik egindako talde lan eta defentsa gogorra eransten badizkiogu, bada lehen laurdena 25 eta 6 amaitu zen.

Tolosarren sormena gidatzen duten jokalariak kate motzean lotu zituzten hasieratik eta horrela, aurkariari beste modu batera jokatu arazi zioten. Tolosarrek ez zuten asmatu horretan eta faltez ere nahikoa azkar kargatu ziren. Une batean apur bat hurbildu ziren markagailuan baina alegiarrek partida eten eta gauzak bere lekuan jarri ostean, berriz ere tarteak zabaldu zituzten.

Defentsa lan onak korrika egiteko aukera eman zien Elorri Aldapa ZTB Garbiketak taldekoei eta joko oparo horren eraginez, kanpoko jaurtikeketan asmatzeko moduan izan ziren eta horrek aurkariaren defentsa ireki arazi zuen. Talde lan onaren isla izan zen igandeko garaipena. 

Asteburuan atsedena izango dute eta abenduaren 13an izango dute hurrengo neurketa, 18:00etatik aurrera Astigarragan.