Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 36 eta 48 galdu zuen Ordizia liderraren aurka

Igandean 12:00etan Take Orbela Taberna talde tolosarraren aurka jokatuko dute Elorrin

2025·11·25


Elorri Aldapak 36 eta 48 galdu zuen iragan larunbatean Ordizia liderraren aurkako liga partida. Akats dexenteko eta puntu gutxiko neurketa izan zen, bi taldeen aldetik. Erritmo altuan jokatu zuten eta intentsitate handiko defentsak kantxaratu zituzten, araudiaren mugetatik gertu askotan. Bi taldeek errespetu handia diote elkarri eta hori nabarmen geratu zen kantxan. 

Esan bezala, puntu gutxiko partida izan zen. Atsedenaldi luzera 14 eta 16 iritsi ziren eta diferentziak txikiak izan ziren partidarik zatirik handienean. Ñabardura txikiak izan ziren balantza Ordizia aldera desorekatu zutenak. Esperientzia handiko hainbat jokalari dituzte eta partidako une erabakiorretan haiek nahi zuten erritmoan jokatu zen eta hori ere gakoetako bat izan zen. 

Aurrera begira jarrita, hurrengo neurketa etxean jokatuko dute, baina ezohiko ordutegi batean. Take Orbela Taberna talde tolosarraren aurka ariko dira igandean 12:00etan Elorrin. Derbi kutsuko partidari aurre egiteko gogotsu daude taldekideak eta zaleen babesa eskatu dute igandeko lehiari begira. Garaipena lortu eta tolosarrak sailkapenean atzean uztea da igandeko helburua.