Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak 49 eta 32 irabazi zion Erroibide Iruni urteko azken partidan

Garaipen honekin hirugarren jarri dira eta urtarrilaren 11n talde horren aurka jokatuko dute berriz, 18:00etan Irunen

2024·12·30


Elorri Aldapak garaipen batekin agurtu du 2024a. Bere garaian atzeratu behar izan zen partida zuten jokatzeke alegiarrek Erroibide Irunen aurka eta iragan larunbatean jokatu zen lehia hori Elorri pilotalekuan. Egiari zor, ez zen kalitate gehiegiko partida atera. Bi taldeek akats dezente egin zuten saskipean eta hori dela eta, markagailu nahiko baxuarekin amaitu zen neurketa.

Elorri Aldapa ondo sartu zen partidan eta joko azkarra eginez, berehala zabaldu zuten tartea markagailuan. Lehen laurdena 15 eta 8 amaitu zen baina bigarrenean, markagailuko tartea ez zen asko zabaldu. Alegiarrak talde jokoan apur bat nahastu eta buruz-buruko jokaldiak egiten hasi ziren eta horrek trabatu egin zuen ordura bitartean egiten ari ziren talde lan ona.

Hirugarren laurdena izan zen gakoa. Elorri Aldapako jokalariak ondo berotuta sartu ziren eta aurkaria hotz harrapatu zuten. Talde joko azkarra eta defentsa gogorra eginez, 13 eta 4ko partziala egin zuten eta hor hautsi zen partida. Azken hamar minutuetan aldea mantendu eta 49 eta 32 amaitu zen neurketa.

Elorri Aldapa sailkapeneko hirugarren postuan jarri da garaipen honen ostean. Taldeko arduradunek denboraldiko lehen hilabeteetako jardunaren balorazio positiboa egin dute. Lehen urtea da lehen mailan eta egokitzapen tarte baten ostean, taldeak lehiakorra izatea lortu du eta talde lanari esker, emaitzak ere etorri dira. Aurrera begira, partidaz partida joatea dute helburu eta horrek jarriko ditu sailkapenean, dagokien lekuan.

Urte berriko lehen partida urtarrilaren 11n jokatuko dute. Hain zuzen ere, larunbatean aurkari izan zuten Erroibide Irunen kantxan ariko dira 18:00etatik aurrera.